Sei egun baino ez dira geratzen 22. Korrika hasteko. Aurten, Araban, Amurrion, abiatuko da euskararen aldeko ekitaldi erraldoia, eta, Euskal Herriko zazpi probintziak zeharkatu ostean, Donostian emango diote amaiera, apirilaren 10ean. Hamaika egun, 2.000 kilometro baino gehiago, milaka parte hartzaile eta ilusio bakarra, euskarari hauspoa ematen jarraitzea. Bokazio horrekin sortu zuen Korrika AEK euskaltegiak, 1981ean, eta, 41 urte pasa diren arren, euskaldunengan irria pizten segitzen du ekitaldiak. Bailarako herriak lehenengoetakoak izango dira testigua jasotzen, Korrika hasi eta hurrengo eguerdian, 11:30 aldera, iritsiko baita hona; Osintxura, zehatz esanda.
Parte hartze handia
Guztira, 32 kilometroko ibilbidea egingo du Korrikak Debagoienean, lau orduan, gutxi gorabehera. Ohi baino bizkorrago igaroko da, beraz, Deba ibaiko urek egiten duten kontrako bidea jarraituko baitu itzulinguru handirik eman gabe. Ondorioz, ez da herri batzuetatik pasako, baina nabarmentzekoa da bailarako udalerri guztiek hartuko dutela parte Korrikan, modu batera edo bestera.
Korrikaren Debagoieneko koordinatzaileak, Ikuska Lizarraldek, adierazi du "eragile mordoak" eman dutela izena, eta, ondorioz, lanak izango dituztela kilometroak banatzeko orduan. Gehitu du aurtengoa berezia izango dela, "pasatakoak pasa eta gero".
Bailarako ordutegia
Soraluzetik sartuko da apirilaren 1ean Korrika, Legutiora bidean.
• Bergara izango da testigua jasoko duen lehen herria, 11:59an.
• Arrasatera iritsiko da ondoren, 12:57an.
• Aretxabaletari 13:43an egokituko zaio lekukoa eramatea.
• Eskoriatzarrek 13:56rako prest egon beharko dute.
• Leintz Gatzagatik Arabara joango da, azkenik.
Zuzeneko jarraipena
Goiena telebistak Korrikarekin lotutako lau saio ekoiztuko ditu. Lehenengoa, martxoaren 31n, 15:45ean, Amurriotik zuzenean; bigarrena, zuzenean baita ere, apirilaren 1ean, 11:15ean hasita, bailaran sartzen den unetik aurrera; egun berean, 22:00etan, eragileek lekukoa kilometroz kilometro nola eraman duten ikusi ahalko da; eta azken saioa, Korrikaren azken egunean, Donostiatik zuzenean, apirilaren 10ean, 11:30ean hasita.
Hitzordu guztiak, agendan
Goiena.eus-en kanal berezia dago sortuta, herri guztietako ekintzekin.