Garraiolarien grebak ekonomian izango duen eragina "grebaren beraren iraupenak" zehaztuko duen arren, "bereziki elikagai freskoen industrian" kalteak eragingo dituela aitortu du MUko Enpresagintza Fakultateko Ekonomia irakasle Gotzon Aldamak. Oraindik egoera "ez dela larria" aitortu dute jaki-dendetan, baina hasiak dira ondorioak nabaritzen.
Esnea eta olioa, falta nagusia
Oñatiko San Miguel elikagai kooperatiban galdetuta, "bereziki", esnea eta olioa falta zaizkie, eta "etengabe etiketak aldatzen" dabiltza: "Egunetik egunera aldatzen da egoera. Aste honetan zerbait falta bazaigu, datorren astean izugarrizko igoerarekin etortzen da, ez da zentimo batzuetako kontua izaten". Herritarrak "beldurrez" igartzen dituzte: "Hornidura falta izango dela pentsatuta, askok bikoitza edo hirukoitza erosten dute". Bide beretik supermerkatu handietan ere, esnearen eta ekilore-olioaren apaletan igarri dira falta nagusiak azken egunetan.

Produktu freskoari dagokionez, Bergarako Cruz Hermanos frutategian, momentuz, "egoera onean" daudela diote: "Ez dugu hornidura faltarik izan. Almeriatik datozen produktuen prezioa asko igo da, eta datorren asterako lekak eta laranjak falta ahal izatearen beldurrez gaude".
Industria, geratuta?
Adegik helarazitako datuen arabera, Gipuzkoako enpresen %92,5 kaltetu ditu garraiolarien grebak, batez ere, hornitzeko eta banatzeko zailtasunengatik. Patronalaren aurreikuspenekin, astebetean edo gutxiagoan enpresen %22k jarduera geratu beharko lukete; % 27k industrian.
Bailarara etorrita, martitzena ezkero Arcelor Mittalen Bergarako lantegia geratuta dago, "egoera konpondu arte". Jakinarazi dutenez, ezin dute Olaberriako lantegitik materiala jaso, eta, aldi berean, ezin da ekoitzitakoa banatu. Debagoieneko bestelako industria enpresetan galdetuta, oraingoz, "normal" lanean ari direla diote gehienek, nahiz eta zenbaitek aitortu duten material falta dela-eta produkzioan eta lan-jardunetan "moldaketak" egin behar izan dituztela.