36 izan dira joan den eguenetik hona Arrasaten erregistratutako positiboak, 20 Bergaran eta 14 Oñatin. Aretxabaletan ere 8 kasu berri egon dira eta Eskoriatzan 6. Bestalde, Antzuolan bi positibo egon dira azken astean eta Aramaion 1, baina azken hiru egunetan ez dute COVID-19 kasu berririk atzeman. Azkenik, Elgetan eta Leintz Gatzagan ez dute kutsatze berririk erregistratu.
- Grafiko eta datu guztiak ikusgai daude goiena.eus-eko azken datuak atalean.
Intzidentzia-tasak, orokorrean gora
Gipuzkoak azken egunean zertxobait behera egin badu ere, 14 eguneko intzidentzia-tasaren kurbak goranzko joerarekin jarraitzen du. 239,04koa da gaur Debagoieneko intzidentzia-tasa; 506,35 Arabakoa; 478,31 Bizkaikoa; 513,42 Gipuzkoakoa; eta, 622,98 Nafarroakoa. Aipagarriena Nafarroako igoera da, duela astebete 500dik behera baitzegoen. Positiboei dagokienez, Araban 881 zenbatu dituzte azken astean, Bizkaian 2.829, Gipuzkoan 1.804, eta, Nafarroan 2.101.
Debagoienari dagokionez, 150eko intzidentziatik behera egotearren, eremu gorritik kanpo dauden bakarrak Leintz Gatzaga, Elgeta eta Antzuola dira. 137,68ko intzidentzia-tasa dauka Antzuolak; 0,00an jarraitzen du Leintz Gatzagak beste astebetez; eta, 88,42an dago Elgeta azken zazpi egunetan zero positibo erregistratu ostean. Gainontzeko herriei dagokienez, 405,41ko tasa dute Aramaion azken bi asteetako sei positiboen eraginez; 280,77 Arrasaten; 239,43 Bergaran; 219,35 Eskoriatzan; 200,56 Oñatin; eta 183,62 Aretxabaletan.
Ospitaleetan, egonkor
Positiboek gora egin badute ere, Hego Euskal Herriko ospitaleetan ez da aldaketa nabarmenik eman. 219 pertsona zeuden ingresatuta duela astebete, eta azken datuen arabera 224 ziren atzo. ZIUetan ere aldaketa handirik ez, 26 lagun zeuden atzo Zaintza Intentsiboko Unitateetan.