Amalur Alvarez: "Berriro herri gogoa berreskuratzea dugu xede"

Maider Arregi 2022ko mar. 25a, 09:00

Pirinioetako Bidea ekimena aurkeztu berri du Gure Eskuk Arrasaten. Uztailaren 2an, euskaldunek eta kataluniarrek elkarlanean, 300 gailur baino gehiago argiztatzea da erronka. Debagoiendarrek egingo dituzten tontorrak Argintzu, Buztanzelai, Iduzkimendi eta Artzamendi dira. Gure Eskuko bozeramaile Amalur Alvarezek "konexioa eta lankidetza" berreskuratzea ere badutela xede dio.

Autodeterminazioaren aldeko erronka handia da.

Nazioarteko komunitateari mezu argi bat bidali nahi diogu Pirinioetako Bidea ekimenaren bitartez. Katalanok eta euskaldunok gure etorkizun politikoa erabaki nahi dugula, libreki eta mugarik gabe, alegia. Gure borondatea entzutea nahi dugu soilik. Erabakitzeak ez duela gatazka edo arazoa sortzen argi daukagu. Gure erabakiak eta bide demokratikoak blokeatzen dituzten estatuek dutela arazoa deritzogu.

Askotariko planak eta 300 gailur argiztatuko dira.

Gure Eskuk sare zabala dauka eta mobilizazio honek espazio geografiko zabala hartzen du. Gailurrak eskualdeka banatu ditugu, eta herriz herriko taldeek lan propioa egiten dihardute. Asmoa litzateke norberari dagokion gailurrera igo eta argiztatzea. Horren inguruan plan ezberdinak sortzen hasiak dira gainera. Batzuk joan-etorria egingo dute, beste batzuek egun osoko zein asteburuko plana egingo dute; badira galiziar eta katalanekin elkartuko direnak ere eta plan bereziak egingo dituztenak. Gure bidea argi dugula eta tresnak eta borondate politikoa behar ditugula ozen aldarrikatzea dugu xede.

Indarrak batuta errazagoa da bidea?

Gaitasun handiagoa izango dugu nazioarteari aipatutako mezua helarazteko. Katalanekin eta galiziarrekin elkarlanean urratsa ematea ezinbestekoa da. Izan ere, estatuan ekimen herritar eta sozial demokratizatzailea eta bakezalea aurrera ateratzea beharrezkoa da.

Burujabetzarako bidean salto kualitatibo eta kuantitatiboa emango da.

Gure zortzi milakoa gure etorkizun politikoa erabakitzean dago. Horretarako, burujabetza prozesu propioa eraiki behar dugu eta mobilizazio honek horretarako ere balioko du. Ez kanpora begira soilik, baita barrura begirako ere. Berriro konpromisoa bildu eta indarrak batu herri gogoa berreskuratzeko, eta etorriko diren urratsak emateko. Hori ere badu-eta helburu ekimen honek.

Erabakitzeko eskubidearen alde, herritarra aktibatu behar dela diozu, beraz.

Urte hauetan Gure Eskuk oinarri sozial zabala eta anitza lortu du. Erabakitzeko eskubidearen beharrak babes zabala dauka. Beste kontu bat da azken urteotan bizitako egoera sozialak ez lagundu izana behar horrena aldeko aktibazioan. Beste mugimendu askok ere kaltetu ditugu eta bagabiltza pixkanaka martxa hartzen eta aurkezpenak egiten herriz herri. Geroz eta herritar gehiago hari dela mobilizaziora batzen ere ikusi dugu.

Krisi garaian neurri zentralizatzaileek kolokan jartzen dute erabakitzeko eskubidea?

Guk uste dugu ezetz. Munduak egina du autodeterminazioaren aldeko apustua. Muga eta lurraldeei dagozkien gatazkei gerrarekin eta sufrimenduarekin ematen zaie irtenbidea eta Gure Eskuk beti esan du ezin direla mugak indarrez inposatu eta bide demokratikoak behar direla gai hauez eztabaidatzeko. Herritarren borondateari entzun egin behar zaio.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak