Gehiengoaren babesarekin hautatu zuten Gonzalez eta kudeaketa-txostena ere babestu zuten Ezker Anitza-IUtik jakinarazi dutenez. Batzarrean Isabel Salud koordinatzaile orokorrak ere hartu zuen parte eta lurralde-koordinakunde berria aurkeztu zuten. Hona hemen, bertako kideak: Juan Luis Merino Sanabria, Haizea Garay Gallastegui, Santi Jimenez Ussia, Blanca Merchan Ropero eta Ubaldo Ortiz Rodrigo.
Ezker Anitza-IUk Gipuzkoarako duen proiektua goraipatu zuen Gonzalezek: "Erakunde sendoa gara, proiektu ideologiko argia dugu, eta hazi egingo gara Gipuzkoa kohesionatu bat lortzeko, inor alde batera utziko ez duena". Eta proiektu horren ezaugarriak aipatu zituen: estatu errepublikar eta federal batean oinarritutako eredua, desberdinen arteko elkarbizitzarako bide gisa, estatuaren nazio aniztasuna onartzen duena, nortasun nazional guztien errespetutik eta aitortzatik abiatuta.
Erreforma fiskalaren beharra
Erreforma fiskalaren beharra aldarrikatu zuen eta lurraldeko "desberdintasunak" agerian utzi: "EAJ eta PSE-EE diseinatzen ari diren bi abiadurako Gipuzkoarekin amaitzeko lanean jarraituko dugu. Errealitatea da, lurraldean dagoen aberastasuna gorabehera, pobrezia eta desberdintasunak hazten ari direla, bereziki emakumeen, gazteen eta migratzaileen artean". Era berean, zerbitzu publikoak defendatu zituen.