Hamaikagarren aldiz eseri ziren negoziazio mahaian Aita Menniko zuzendaritza eta Enpresa Batzordea iragan eguaztenean, martxoaren 16an. Langileen lan-hitzarmena dago eztabaidaren muinean, bai eguneroko jardunari dagozkion aferak (kontratuak, baimenak, eta lan orduak, besteak beste), baita soldaten igoerak ere.
Oraingoan ere ez zuten bi aldeek adostasunera heltzea lortu, eta iritzi eta ekintza trukea etorri da.
Iragarpena eguenean
ELA sindikatuak martxoaren 17an bost greba egun deitu zituen aste honetarako. Negoziazioak "aurrerapausorik gabe" bukatu zirela adierazi zuen sindikatuak: "zuzendaritzak ez du eduki zehatzik proposatu, eta lan baldintzak hobetu gabe jarraitzen dute". "Beste aukerarik" izan ez dutela iritzita, gaurtik egubakoitzera egingo dituzte mobilizazioak; 23 greba egun egin dituzte gatazka hasi zenetik.
Kotxe-karabana eta kontzentrazioa egingo dituzte martitzenean; Uribetik hasi eta ospitalera arteko oinezko martxa eta elkarretaratzea eguaztenean; eguenean Eusko Legebiltzarraren aurrera eramango dute aldarria; eta egubakoitzean, aldiz, manifestazioa egingo dute goizeko 11:00etan, Arrasateko plazatik abiatuta.
Erantzuna egubakoitzean
Egun bat geroago etorri zen Aita Menniko zuzendaritzaren erantzuna. Prentsa ohar bidez sindikatuak "negoziazioari uko egin eta aktibismoaren aldeko apustua" egin izana gaitzetsi zuten, eta "proposamen berriak" ez onartzetik harago, ELAren lan-moldeak jarri dituzte zalantzan. Enpresak dioenez, sindikatuak ez zuen langileen batzarra deitu negoziazio mahaiaren ostean, eta lanuzteak egitearen erabakia aldebakarrez hartu zuen; hots, langileei "enpresaren proposamena" zein "mobilizazioak egiteko nahia" helarazi ez izana leporatu diote.