Gaur kaleratu ditu Udalerri Euskaldunen Mankomunitateak 2021ean egin zuen Hizkuntzen Erabileraren Kale Neurketa UEMAko udalerrietan eta Tolosaldean azterketaren emaitzak. Soziolinguistika Klusterrarekin batera egin zuen behaketa, eta datu orokorrek aztergai guztiaren datuak biltzen dituzten arren, lehenak aztertutako herrietako datu zehatzak eta balorazio txostena soilik argitaratu dira.
Mankomunitate mailan egin duen bigarren azterketa izan da –2017an egin zuen lehena–, eta orduko hartatik bi bereizgarri nagusi izan ditu. Lehena, 93 udalerritan 71.000 solasaldi eta 227.900 solaskide aztertu direla, 17 udalerri eta 34.000 solaskide gehiago, alegia –solaskideak bi aldietan neurtu diren 74 udalerriak aintzat hartuta–. Bigarrena, UEMA osatzen duten 93 udalerrietan azterketa egin ez izana. "Zenbait arazo tarteko", zortzi udalerrietan ezin izan dute neurketarik egin; mankomunitatearen parte ez diren Tolosaldeako 6 herri gehiagotan egin da, ordea, azterketa.
Antzeko presentzia
"Aurreko neurketaren oso antzekoak dira erabilera datu orokorrak" Aritz Abaroa UEMAko lehendakariaren hitzetan. Izan ere, bost herritarretatik hiru pasatxo (%61,5) aritzen dira euskaraz aztertutako herrietan, duela bost urte egindako neurketaren pareko (%61,5). %0,1 hazi da gaztelania eta frantsesaren erabilera (%36,6an da egun), eta balio berdinean jaitsi, aldiz, beste hizkuntzena (%1,9an da).
Datu orokorra berdina izan arren, arnasgune, adin-talde eta sexu irizpideetan egon dira aldaketak. Abaroaren hitzetan, dentsitateak "zerikusi zuzena" du erabileran; hots, ezagutza handia den eremuetan, erabilera handiagoa da. "Espero izatekoa da". Hala ere, datu adierazgarri bat utzi du neurketak ezagutza %80tik gorakoa den eremuetan: erabilera apaldu da. Zehazki, 2,9 puntuan jaitsi da balioa %80-89,99 arteko ezagutza duten udalerrietan; 3,1, aldiz, %90etik gorakoetan.
Adinaren aldagaia adierazgarria da euskararen kale erabilera neurtzerakoan. Adibide gisa, 2021eko neurketan 2-14 urteko haurrek erabiltzen dute gehien (%75,7), eta 40 eta 64 urte arteko helduak, berriz, gutxien (%50,1). Euskararen ezagutza aintzat hartu beharreko faktorea izan arren, Abaroaren ondorioa argia da: "Adinean gora egin ahala, jaitsi egiten da euskarazko jarduna".
Sexuei dagokionez, emakumeen erabilera (%61,7) gizonezkoena (%60,3) baino "zertxobait" handiagoa da orokorrean. Adin-taldeak aztertuz gero, baina, bi bilakaera bereizi litezke. Abaroak esan bezala, "belaunaldi gazteetan dago diferentziarik handiena"; hots, haurren artean 4,1 puntuko aldea dago bi sexuen artean. Estutzen doa ehunekoa, baina, adinean gora joan ahala, azken taldera heldu arte; gizonezko gehiagok (+%2,3) hitz egiten du euskaraz 65 urtetik gorakoen artean.
Aramaio, euskaldunena
Neurketaren parte izan diren bailarako bost herrietan sartuz, aipatu beharra dago gaur-gaurkoz hiru herriren datuak soilik argitaratu direla –Aramaio, Bergara eta Elgeta–, UEMAk azterketa egin duen herriena, hain zuzen. Antzuola eta Oñatiri dagokionez, eta udalerri horietako udalen eskariz, "ikerketa berezia" egin du Soziolinguistika Klusterrak. Balio orokorretan jasotako datuak aintzat hartu dizuten arren, udaberrian argitaratuko dituzte bi herri hauetako datu zehatzak.
Abaroak aipatutako bide-orri nagusiak bete arren, datuak ditugun hiru herrietan bada balio adierazgarririk. Aramaio eta Bergaran adinean gora joan ahala erabilera gutxitzen doan heinean, Elgetan gazteak dira, modu nabarmenean, euskara gutxien erabiltzen dutenak (%36,5); herriko bataz-bestekoa baino 21,4 puntu gutxiago, zehazki.
Hizkuntza eta sexuaren aldagaiak erkatuta, berriz, bada nabarmentzeko beste datu bat: Bergaran gizonezko gehiagok hitz egiten dute gazteleraz (%54,1) euskaraz baino (%43,6). Gainontzeko herri eta bereizketetan, euskara da nagusi.
Datu guztiak zein irakurketak ezagutu nahi badituzu, hona txosten guztia zein UEMAren balorazioa.