Esther Korta: "Hasieratik izan zen Garagartza gure lehenengo aukera"

Julen Iriondo M. de Zuazo 2022ko mar. 11a, 11:40

Nahikoa toki barik, eta hazteko asmoz, Fagor Etxetresnenak izandako 72.000 metro koadroak erosi ditu Dikar kooperatibak, Bergaran –Larramendin– geratzea ere aztertu zuten arren.

2017a ezkero zuzendari nagusi, Esther Kortak (Arrasate, 1973) kargua hartu zuenetik hona bikoiztu baino gehiago egin ditu Dikarrek salmentak. Ehizarako eta kirol tiraketarako armak egiten dituzte: CVA markarekin dihardute urte luzeetan –liderrak, lehenak, dira AEBetan aurrekargako errifleetan; negozioaren %40 da, gaur egun–, eta zortzi urte daramatzate Bergara markarekin bestelako armak egiten. Hazten, eta hala jarraitzeko aurreikuspenarekin, tokialdatzeko erabakia "mugarri berezia" dela dio kooperatibako –Mondragon taldekoa– buruak; "proiektu polita" dutela esku artean, eta "bultza egiteko gogoz" dagoela lantaldea.

Martxoaren 8a pasa berritan… Oraindik gutxiengoa dira emakume bat buru duten enpresak; zuen kasuan, hala da.

Bai. Kooperatibetan, emakumeek eta gizonek aukera berberak edukitzen ditugu. Beste gauza bat da oraindik aurrerapauso handiak eman behar direla ikasketen arloan, segun eta ze ogibidetarako, emakumeok ez dugulako oraindik geure burua ikusten, edo inor ez dugulako ezagutu, edo ez dugulako erreferentziarik izan. Baina aukerak, behintzat, berdin-berdin ematen dira.

Denbora bat bada enpresak leku handiagoaren beharra adierazi zuela, eta berriki gauzatu da Garagartzako erosketa. Ez dirudi seinale txarra.

Dikarrek hazkunde handia izan du azken bost urteotan, eta, aurrera begira jarraipena izan dezakeela ikusita, eutsi egin behar genion horri; duela hiru urte hasi ginen zerbaiten bila, eta, azkenean, Garagartzara joateko erabakia hartu da. Erabakia Batzar Orokorrak onartu zuen, eta erabili ditugun irizpideak izan dira gure balioetan eta negozioan pentsatuta. Gure aktibitatea ikusita, hazkunde honetarako erabaki errazena AEBetara joatea izango litzateke: gure jarduerarako muga gutxiago daudelako, leku berri batean handitzea errazagoa litzatekeelako, armekiko ezagutza handiagoa dagoelako… Baina gu kooperatiba gara, eta gure inguruko ongizatea dugu helburu, eta hori lanaren bitartez lortzen dela ulertzen dugu. Eta lanaren bidezko aberastasun hori hemen mantentzea da gure apustua.

Ze arrazoi daude azken urteotan halako hazkundea izateko?

Historian zehar aktibitate desberdinak izan ditugu: ehizarako eta kirol tiraketarako, aisiarako, armen sektorean gaude; baita aire libreko aisian –kanpin dendak; bizikletarako, korrika egiteko… motxila eta osagarriak, Columbus markarekin–. Aurreko krisi finantzarioarekin, fitnessarekin lotuta genuen aktibitatea, Txinakoa, itxi egin behar izan genuen. Gure ezagutza armen munduan zegoen, eta hor dibertsifikatzen hastea izan zen apustua. Aurrekargako armei atzekargakoak gehitu, eta tiro bakarrekoak eta morroiloak. Eta hor oraindik bide handia dago.

"BOST URTEAN 250-270 LANGILERA IRISTEKO ASMOA DUGU; 100 BAT GEHIAGO, BERAZ"

Eta hori garai gorabeheratsuak bizi ditugula: 2008ko krisia, COVIDa, energiaren eta lehengaien prezioen gorakada, egungo ziurgabetasuna Ukrainakoarekin lotuta…

Inork espero ez genituenak pasatu ditugu, eta orain dugu beste momentu bat, hau ere inork espero ez zuena. Unean unekoari heldu behar izaten zaio. COVIDarekin zailtasun handiak izan ditugu, kudeaketa oso zaila da: %20ko prezio igoerak izan ditugu; logistika aldetik ere, Columbus produktu gehienak Txinan eta inguruan egiten dira [Dikarrek merkaturatu egiten ditu], eta ezin ekarri ibili gara, atzerapen oso luzeekin, eta hornidura eta ekoizpen gai hori nahikoa zaila gertatzen ari da. Guk apustu egin genuen COVIDak aisialdia bermatuko zuela; lehen bi hilabeteetan ez genekien, baina gero ikusi zen hor ez genuela arazorik izango, eta apustua ondo joan zaigu. Guretzako palanka beti da kalitatezko produktua, bezeroei begira, zerbitzu ona emateko: armetan, zehaztasuna; eta produktu bakoitzean dugu zerbait desberdintzen gaituena, eta horrek dakar erostera doan bezeroak gure marka bat nahi izatea eta aurrera egitea.

Eta, orain, Garagartzara joateko erabakia.

Hazkunde handia izaten ari gara. Nik zuzendaritza hartu nuenean 40 milioiko salmentak genituen taldean, eta 2021a itxi dugu 93 milioi euroko salmentekin. Hazkunde hau ez da hemen bukatzen. Produktuen dibertsifikazioak oraindik bere bidea badauka. Orain dela gutxira arte, aurrekargan bakarrik geunden. Aurrekargaren merkatu-nitxoa AEBak dira, han bakarrik saltzen da, araudi berezi bat dagoelako han; munduan beste inon ez da saltzen, zero. Morroiloetan sartu garenean, horrek ahalbidetu digu mundu osora zabaltzea. Beraz, dibertsifikazioa, produktuetan, merkatuetan… eta horrek oraindik bere bidea du egiteko. Hala, fabrika handitzea da gure beharra. 20.000 metro koadro behar genituen orain; baina halako mugimendu bat ez da egunero egiten, eta, behin mugituta, hazi ahal izateko aukera ere eman behar zigun. Eta, zergatik Garagartza? Negozioak eskatzen duen guztia betetzen du, eta Batzarrak erabaki du: informazio guztia izan du aukera desberdinena, eta erabakia hori izan da. Duela pare bat urte ere erabaki zuen Batzarrak hara joatea: orduan ere merkatuan zegoen Garagartza, beste baldintza batzuekin; guk baietza eman genuen, baina bankuek ezetz esan zuten, eta beste zerbaiten bila hasi behar izan genuen. Baina gure lehen aukera Garagartza izan da lehenengo momentutik. Orain, berriz merkaturatu zen, beste planteamendu batekin, eta berriz ere baietz irten da.

Larramendikoa baino aukera hobea zen, beraz.

Garagartzak aukera ematen digu hasieratik nahikoa metro gehiago edukitzeko, eta azkartasuna ere baloratu dugu: espero dugu urtebetean han egotea, 2023. urte hasieran mugitzen hastea; Larramendirako denbora gehiago beharko genukeen. Ikusi duzue gure lantegia: leku premia agerikoa da. Abantaila hori bazuen Garagartzak; horrez gain, dena solairu baten egon ahal izatea, gero ere hazteko aukera ematea... Oso aukera ona zen.

Esan zen Larramendira ez joateko arrazoia izan zela Valogreene bertan kokatzeko aukera.

Erabakia ez da izan hor Valogreenek arazoren bat sor zezakeelako. Mahai gainean genituen aukeren informazio osoa kontuan izanda hartu dugu erabakia.

Bergararentzat galera da?

Bergarak ulertu dezake horrela. Dikarren ikuspegitik, gure inguruan lana sortzen jarraituko dugu: Bergara edo Arrasate... bailara bera da, eta langileak Arrasatekoak ditugu, Bergarakoak, Eibarkoak, Azpeitikoak, Donostiakoak, Bilbokoak... Ez dugu kalterik sortuko gure inguruan. Izan ere, kaltea izango litzateke Ameriketako Estatu Batuetara joatea.

Zuen negozioaren ze portzentaje dagokio armagintzari?

Salmenten %98.

Eta Bergara markarekin sartu zarete dibertsifikazioan.

CVA da gure marka tradizionala, aurrekargarena, AEBetara soilik saltzen dena. Dibertsifikatzeko, beste marka batekin egin dugu apustua, eta Bergara da, bai, mundu mailarako dugun marka. Eta outdoor ekintzetarako dugu Columbus. Azken hori %2 soilik da, esan bezala; nik uste dut ez dela oraindik bere momentua iritsi: estrategia da mantentzea, eta behin beste markak herrialde guztietan sartzen direnean, beste geruza bat gehitzeko aukera emango digu horrek. Izan ere, elkarrekin konektatuta daude: outdoor-eko hamaika aktibitate daude, bizikleta, mendia, korrika, ehiza... Ez da gauza bera, baina badu lotura gure aktibitate nagusiko produktuekin, eta aukera izango dugu Columbusi bultzada emateko.

"GUK ARMA GUZTIAK PROBATZEN DITUGU, ETA EZ DA MUNIZIORIK EGONGO, UKRAINAKOAGATIK"

Langile aldetik ze hazkunde espero duzue?

250 inguru gara, gaur, taldean; horietatik, 160 inguru ginen 2021ean Dikarren. Taldean 350era iristeko modua ikusten dugu, eta Dikarren 250-270 ingurura; 100 bat langile bazkide gehiago, beraz.

Ze epetarako aurreikuspena da?

Datozen bost urteotarako edo. Ez dago jakiterik Ukrainarekin zer gertatuko den, baina asmoa hori da.

Horregatik 20.000 metro behar eta 72.000 eskuratzea?

Aukera zabalik uztearren. Datozen bost urteetan 20.000rekin ondo egongo garela uste dugu, baina halako mugimendu bat egitea ez da erraza, eta gerorako ere zabalik utzi nahi izan dugu aukera. Gainera, lehen aldiz erostekotan izan ginenean 20.000 ginen erostekoak, baina orain dena erosi beharra zegoen.

Lehen Etxetresnena izandako dena.

Bai, dena. Eta Dikar guztia joango da hara.

Ukraina aipatu duzu. Ze beldur duzue horrekin?

Motzera, energiaren garestitzea. Bestalde, guk gure arma guztiak probatzen ditugu, eta merkatuan ez da muniziorik egongo. Ehiztariek muniziorik ez dute edukiko, kirol tiraketan ezingo dute entrenatu nahi beste... eta hori ez da ona izango gure industriarentzat.

Zeuek ere hasi behar izan omen duzue dagoeneko bala-zorroak berrerabiltzen.

Bai, bertan errekargatzen ditugu. Horretarako, baimen bereziak behar dira, eta langileek formazio berezia jaso behar izaten dute. Munizio faltak halako irtenbideak topatu beharra dakar.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak