Atzo, martxoak 8, Laboral Kutxako eta Euskadiko Udalen Elkarteko ordezkariak bildu ziren finantza erakunde arrasatearraren egoitzan. Zehazki, Txomin Garcia presidentea, Xabier Egibar zuzendari nagusia eta Marije Etxaniz komunikazio arduraduna izan ziren kooperatibaren ordezkariak; Eudeletik, aldiz, Gorka Urtaran elkarteko burua eta Maria del Mar Zabala zuzendari nagusia izan ziren bileran. Euskadiko udalerrietan erakundeak duen finantza inklusioa izan zuten hizpide, adineko pertsonengan enfasi berezia jarrita.
Hiru neurri
Eudelek prentsa ohar bidez adierazi duenez, "lehen mailako informazioa" eskaini zion erakunde arrasatearrak, eta honakoak dira inklusioaren aldeko konpromisoan hartutako hiru neurriak:
- Arreta zerbitzua egokitzea: martxoaren 1etik aurrera, pandemia aurreko ordutegia berreskuratu du Laboral Kutxak aurrez aurreko arreta zerbitzuan (8:30-14:00). Horrez gain, telefono bidezko arreta zerbitzua eskaintzen da adinekoentzat astelehenetik ostiralera (08:00-22:00) zein zapatutan (08:00-15:00).
- Banku-azpiegitura, sukurtsal zein kutxazainak mantentzea: banku-zerbitzu guztietarako sarbidea bizilagun guztiei bermatu asmoz, Euskadiko udalerrietan banku-azpiegiturak, sukurtsalak eta kutxazainak mantentzeko konpromisoa hartu da.
- Arlo digitalean herritarrei prestakuntzak eskaintzea: finantza hezkuntza helburu, gaitasun digitalei buruzko prestakuntza espezifikoak eskainiko zaizkie herritarrei Eudelekin lankidetzan.
"Oso positiboa"
Eudelen hitzetan, "konpromisoak berretsi" ditu entitateak. Ondorioz, "oso positibotzat" baloratu zuen Gorka Urtaran elkarteko buruak "finantza inklusioaren alde egindako apustua", baita "adineko pertsonei ematen dien lehentasunezko arreta" ere.