Gipuzkoako Landa Garapen Elkarteen Federazioak bosgarren Landaola Sariak banatu ditu gaur eguerdian Azpeitian. Debagoienari dagokionean Urteetako Ibilbideari Saria jaso du Gomiztegiko Artzain Eskolak. "Artzain munduaren egoera larriari irtenbide bat emateko sortu zen Gomiztegiko Artzain Eskola 1997an. Bederatzi ikaslerekin ekin zion bere bideari eskolak; ekintzailetza eta prestakuntza dinamizatuz, ardi eta ahuntz esnearen balio-katea suspertzen laguntzeko helburuarekin", azaldu dute sariketako bultzatzaileek. "Artzain Eskolak, urte guzti hauetan prestakuntza eredu bat garatu du, non prestakuntza enpirikoa, enpresako praktika etengabea, ardien eta ahuntzen balio-katearen ezagutza integrala –animaliatik hasi eta esnekien salmentaraino–, baserri enpresako bizipenak, eraginkortasuna edo lankidetza lantzen diren (…) 25 urte hauetan, 307 ikasle pasatu dira Artzain Eskolatik; 244 gizonezko eta 63 emakumezko. Etorkizunari begira, Artzain Eskolak sektorea biziberritzeko erreferentziazko eragile izaten jarraitu nahi du, bidegurutze, elkargune eta erreferentzia ardi eta ahuntzen balio-katearentzat".
Debagoieneko bi hautagai zeuden aurtengo sariketan; erakunde pribatuaren sariketan Arrasateko Ainara Abasoloren Irrika gluten free bakery proiektua, eta erakunde publikoen multzoko hautagaien artean Elgetako Herri Eskolaren 'Hamaiketako osasungarria' programa. Baserritik Zuretzat kooperazio proiektuak eta Hernaniko Udalak jaso dituzte sari horiek, hurrenez hurren.
- Erakunde Pribatuaren saria: Baserritik Zuretzat kooperazio proiektua.
- Erakunde Publikoaren saria: Hernaniko Udala.
- Emakumeak Landa Eremuan sari: Nagore Martin.
- Urteetako ibilbideari saria: Artzain Eskola.