Gaur argitaratu ditu Espainiako Enplegu Zerbitzuak langabeziari buruzko herrikako datuak. Bailarari bere osotasunean erreparatuta, datu positiboak izan dira bigarren hilabetez jarraian; hots, 2.306 herritar zeuden otsaila amaitzean lanik gabe, urtarrila amaieran baino 14 gutxiago. Langabezia-tasak ere, ondorioz, behera egin du, eta %7,69an da.
Herriz herriko irakurketa eginez gero, bi bando bereizi litezke. Antzuola, Aramaio, Aretxabaleta, Arrasate, Bergara, Elgeta eta Leintz Gatzaga leudeke batean; modu esanguratsuan izan ez bada ere, behera egin dute guztiek. Beste aldean, aldiz, Oñati eta Eskoriatza. Lehenean, urteko lehen hilabetean baino sei langabe gehiago zenbatu dira; bigarrenean, aldiz, gorakada adierazgarria izan da: 63 eskoriatzar gelditu ziren lanik gabe otsailean.
Herria | Urtarrileko langabeak | Langabeak guztira | Langabezia-tasa |
Antzuola | -6 | 58 | %5,35 |
Aramaio | -1 | 12 | %1,72 |
Aretxabaleta | -15 | 192 | %5,58 |
Arrasate | -43 | 1.029 | %10,13 |
Bergara | -16 | 491 | %6,84 |
Elgeta | -1 | 25 | %4,21 |
Eskoriatza | +63 | 149 | %7,45 |
Leintz Gatzaga | -1 | 2 | %1,67 |
Oñati | +6 | 348 | %6,43 |
Debagoiena | -14 | 2.306 | %7,69 |
Urtarrilean behera, otsailean gora
Aipamen berezia merezi du Eskoriatzaren kasuak. Izan ere, eta Espainiako Enplegu Zerbitzuaren datuak aintzat hartuta, gorabehera handia izan du langabeziak urtea hasi zenetik; hots, urtarrilean 78 eskoriatzarrek aurkitu zuten lana, eta otsailean, berriz, 63k galdu. Ondorioz, langabezia-tasak gora egin du herrian, bailarako hirugarren tasa baxuena izatetik –Aramaio eta Leintz Gatzagaren ostean– bigarren altuena –Arrasateren atzetik– izatera igaro baita 28 egunean.