Duela hiru urte Oñatiko Herri egunean ernaldu zen hazia: "Josebari bizikleta egokitu bat erosteko boletoak saltzen hasi ginen, eta oñatiarren ekarpenekin hasierako helburu hori baino urrunago hel gintezkeela ohartu ginen", azaldu du Aitor Rementeriak. Taldea sortzeko babesle eta bazkideen bila hasi ziren orduan, eta baita lortu ere: "Gaur egun 100 bazkideren, Oñatiko eta Bergarako Udalen eta dozena erdi baino enpresa gehiagoren sustengua dugu".
Ekarpen horiekin errehabilitazio saioak eta lehiaketarako parte hartzeak, bi adar horiek jorratzen hasi ziren pixkanaka. Gaur egun zazpi kirolarik osatzen dute taldea, egunerokoa posible egiten duten beste hainbat fisioterapeuta, mekaniko eta laguntzailerekin batera.
Lorpenak, bata bestearen atzetik
Proiektuak taldekideen mugikortasuna hobetzea, kirol egokituari ikusgarritasuna ematea, tetraplejiko batentzat egokitutako lehen bizikleta egitea, kirol egokituko lehiaketa desberdinak ikuskatzea eta zirkuituak zabaltzea ahalbideratu die: "Baliabideak lortu ditugu, eta errespetua eta sentsibilitatea geureganatu. Aparta da bizitzen ari garena!" diote aho batez Rementeriak eta Azkaratek.
Zabalkundean dago erronka
Hasierako taldean hiru partaide ziren, orain, berriz, zazpi. Batzuk lehiatzeko prestatzen dira, Azkarate bezala: "Iaz Oñatin, Zumaian, Elorrion, Orozkon eta Avilesen izan ginen, eta aurten, oraingoz, Sopelan". Datozen hilabeteetarako ere badituzte hitzorduak, Azkoitikoa, esaterako. Duatloi probatako antolatzaileak interesatzen ari dira euren lasterketak kirol egokitura moldatzeko. Orain, Antxintxikakoa moduko beste talde batzuk sortzea da erronka: "Etxean geldi egotetik kirola praktikatzera pasa beharra dago, erakusten ari gara posible dela".
Osasuna, guztiaren gainetik
Beste kide batzuk mugikortasuna hobetzeko daude taldean, eta nabarmen igartzen dute hobekuntza. Antxintxikakoek diote kirolaren balioak gogoratzeko aproposa dela euren egitekoa: "Ahazten ari zaigu kirola osasuna dela, eta ez emaitzak behin eta berriz hobetzea".
Ekitaldiaren bukaeran enpresa babesleei plaka bana banatu diete Antxintxikako kirol egokituko kideek, honako leloarekin: Kirol egokitua bultzatuz, guzitok elkarlanean geroa sortuz.