Julen Landaluze: "Bertako aberastasunari balioa eman behar diogu"

Aitor Agiriano Arrese 2022ko mar. 7a, 10:00

Julen Landaluze, 'Bizi Gipuzkoa' saioko aurkezlea.

Gipuzkoa beste modu batean ezagutzeko aukera egongo da Goiena telebistan, Julen Landaluze Gorostiagaren eskutik. Martxoaren 10ean estreinatuko da saio berria, eta eguenetan izango da ikusgai, 21:30ean eta 23:30ean.

'Bizi Gipuzkoa' saioko gidari eta anfitrioi lanetan jardungo du Julen Landaluzek. Saio bakoitzean, bi gonbidatu izango ditu alboan, proposatutako hainbat esperientziez gozatzeko.

Bizi Gipuzkoa saioa estreinatzear da. Zer ikusiko dugu bertan?

Gipuzkoan ezagutzen ez ditugun txokoetan barrena ibiliko gara eta egun ederra pasatzeko aukerak emango ditugu ezagutzera saioko atal bakoitzean. Bizileku dugun lurralde hau txikia da, bailarak estuak dira eta beti leku berean ibiltzeko joera izaten dugu, orokorrean. Oraindik asko dugu ezagutzeko.

Saioan gidari lanetan ibiliko zara. Aupa hi! sortu zenuenetik ere horretan diharduzu. Oraingoan, baina, kamera aurrean jarri zara.

Hala da, bai. Planak antolatzen, informazioa ematen eta ikasten ere bai. Egia esan, lan eginez asko ikasi dut. Hauxe izan da nire ogibide nagusia, baina lehengo aldia da niretzat ikus-entzunezko formatu batean murgiltzen naizena. Garai oso txarrak bizi izan ditugu eta beste lan batzuekin batera uztartu behar izan dut orain urte batzuk martxan jarritako ametsa, Aupa hi! Badirudi gauzak hobetzen ari direla eta mundu zoro honetan aurrera goazela, poliki-poliki. Poztekoa da hori!

Tokikoa, gertukoa, bertakoa dena ezagutzen dugu? Balioa ematen diogu?

Orokorrean, askotariko ekintzak egiteko lekuak ezagutzea gustuko izan dut beti. Horretaz aparte, baita bertako jendea ezagutu eta leku horietan dagoen istorioa ezagutzea ere. Asko dugu, baina, oraindik ezagutzeko. Azkenean, bizilekuaren arabera, gertaeren arabera eta inguruan dugun jendeari esker gara garena. Bestetik, daukagun aberastasunari ez diogula baliorik ematen esango nuke. Ez gara etxe alboan ditugun balioen jabe; herritar batzuk bai, baina gehiengoa ez da horren jabe. Zenbat aldiz entzun ote dugun, "zein txikia den mundua", baina, nire lagun batek arrazoi handiz esaten duen moduan, "ez da mundua txikia dela, baizik eta leku berean mugitzen garela beti".

"Leku zoragarrian bizi gara, baina ez dugu behar beste ezagutzen oraindik" 

Turismo esperientziak eginda gozarazten dituzu herritarrak. Saioan ere islatu da hori?

Bai, noski. Esperientziekin eta baita bertako ekoizleekin ere. Kalitate handiko produktuak ere baditugu eskura, mimo handiz, eta zero kilometroa oinarri duten produktuen aberastasuna oso handia da gurean.

Ekintzak eginez Gipuzkoa ezagutzea posible da?

Ezagutzeko eta bisitatzeko leku asko dauzkagu, baina baita bertan, ekintza asko egiteko aukera ere. Agian, batzuetan, joaten garen lekua ezagutzen dugu, baina ez, ordea, horietan kuadrillan, lagunartean eta familian egiteko dauden ekintzak: zaldian ibili, padel surfa praktikatu, eskalada egin edota bizikletan ibili, besteak beste. Horixe da saio bakoitzean, alboan izango ditudan bi lagunei eskainiko diedana. Gipuzkoarrak izango dira, baina ezagutzen ez duten parajeak ezagutuko ditugu elkarrekin eta gainera hainbat ekintza proposatuko dizkiet. Lau saioetan parte hartu duten zortzi lagunak gozatu dutela aitortu didate. Elkarrekin izugarri disfrutatu dugu; bizi eta gozatu dugu Gipuzkoaz.

Grabazioen bueltan izan duzue anekdotarik?

Ederrak eta bi pasa zaizkigu saioen grabaketa egunetan. Adibidez, gogoan dut Aretxabaletan grabatu genuenean, Urkulu eta Larrino arteko bidea lur orotako ibilgailuan egiten ari ginela, bat-batean lokatzetan sartu eta ez aurrera ez atzera gelditu ginela. Lantaldeko kideak ibilgailuari tiraka, bultzaka, eta ezin denon artean ere ezer egin. Azkenean, bide inguruan zegoen baserri batera laguntza eske joan, eta traktore batekin lokatz artetik ateratzea lortu genuen. Bestetik, lehenengo saioko grabaketa egunekoa ere gogoan dut. Goizeko seiak inguru-edo izango ziren, arraun surfa egin behar genuen saioko bi parte hartzaileek eta hirurok. Hori filmatu ahal izateko uretako motorra behar genuen, eta gidariak lo hartu zuen. Ohetik atera behar izan genuen. Denetarik pasa zaigu. Gogor egin dugu lan, baina asko gozatu dugu eta espero dugu ikus-entzuleak ere guk adinako gozamena hartzea.

Pantailan ikusitako bera bizi izateko aukera izango du nahi duen orok, ezta? 

Gipuzkoaz gozatzeko esperientzia ederrak dira lau saioetan proposatzen ditugunak. Barruan harra pizten zaion edonork egiteko moduko esperientziak. Horrelakorik bizi nahi duenik bada, izango du horretarako aukera. Are gehiago, herritarrak probatzera animatuko nituzke.

'Bizi Gipuzkoa', bertatik bertara

Paddel Surf-a

Egunsentian Oria ibaiaren jaitsiera egingo dute lehen saioan eta baita Aginaga auzoko bitxikeriak ezagutu ere.

Zaldian ibilaldia

Igartubeiti baserri-museo ezaguna bisitatu eta gero, zaldiz Kizkitza ermitarainoko ibilbidea, bigarren atalean.

Bizikleta elektrikoak

Leintz Gatzagan mendiko bizikleta elektrikoak alokatu eta Aretxabaletatik Bedoñara arteko ibiibidea egingo dute.

Ferrata bidea

Leitzaran bisitarien etxean batu eta ferrata bideko fauna eta flora ezagutuz ordubeteko ibilaldia laugarren atalean.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak