Eusko Jaurlaritzak zein Nafarroako Gobernuak neurri murriztaile ia guztiak kendu zituztenetik bi aste igaro diren honetan, egoera epidemiologikoaren bilakaerak beheranzko joeran jarraitzen du. Ez, ordea, azken asteetako abiadura berean.
Datu zehatzei erreparatuta, antzekoak dira joan zen eguenetik domekara arteko eta astelehenetik eguaztenera bitarteko balioak; hots, azken hiru egunetan aurreko lau egunetan beste kasu atzeman dira. Debagoienean, esaterako, 39 herritarri hauteman zitzaien gaitza Aratusteen bueltan, eta 36ri, berriz, osteko lehen hiru egunetan; antzekoa da kasua Nafarroan (-5). Araban (+33), Bizkaian (+114) eta Gipuzkoan (+90), aldiz, gora egin dute balioek.
- Grafiko eta datu guztiak ikusgai daude goiena.eus-eko azken datuak atalean.
Lerroa, okertzen
Intzidentzia-tasaren grafikoak ere antzeko bilakaera adierazten du. Behera doaz lerroak, baina okertu zaie azken egunetan aurrez zekartzaten zuzentasuna. Debagoieneko intzidentzia-tasa, esaterako, 310,90ean da, eta 77 puntu jaitsi den arren, urrun du asteleheneko eguneraketako 169 puntuko jaitsiera. Aldagai bakar batek ere gora egin ez duen arren, antzeko egoeran dira aztergai hartutako Hego Euskal beste lau eremuak ere.
Horiz Aretxabaleta
Eremu eta koloreei erreparatuta, bailarako mapa gorriak badu salbuespen bat: Aretxabaleta. Azken astean kasu bakarra atzemanda –7 azken 14etan–, eremu laranjatik horira igaro da. Eremu laranjara igarotzetik hurbil dira, besteak beste, Arrasate (226,43), Elgeta (275,36) edo Antzuola (275,36); urrun, berriz, Oñati (610,39).
Presioa, behera
Hego Euskal Herriko ospitaleetan dauden herritar kopuruaren bilakaerak beheranzkoa izaten jarraitzen du. Uneotan, 284 herritar daude erietxeratuta, joan zen astean baino 89 gutxiago. 45 pertsonek behar dute, aldiz, zainketa intentsiboa, duela zazpi egun baino 24 gutxiagok. Biak ala biak 2021eko azaroaren 23tik izan diren kopururik baxuenak dira.
5 egoiliar kutsatuta
Adinekoen egoitzetako egoerari dagokionez, martitzenean eguneratu zituen datuak Gipuzkoako Foru Aldundiak. Bergarako Mizpirualden zegoen kasu aktibo bakarra sendatutzat izendatu zuten, baina bost kasu berri hauteman dira azken zazpi egunetan, guztiak Oñatiko San Martin egoitzan. Orotara, probintziako 51 egoiliarri atzeman zaie gaitza azken astean, eta bi pertsona zendu dira –Donostiako eta Tolosako egoitzetan–.