Kontaktu estuek berrogeialdirik ez zapatutik aurrera

Jon Irizar Aranguren 2022ko mar. 2a, 09:26

Ikasgela bat, hutsik. (Argazkia: Goiena)

Espainiako Osasun Publikoko Batzordeak atzo hartu zuen erabakia: txertatuta egon edo ez, martxoaren 5etik aurrera COVID-19an positibo eman dutenen kontaktu estuek ez dute berrogeialdirik egin beharko. Egun, txertatu gabeek bete beharreko neurria zen. Hala ere, lehen hamar egunetan "kontuz ibiltzeko" gomendioa eman dute.

Atzo bildu zen Espainiako Osasun Publikoko Batzordea egoera epidemiologikoa aztertzeko eta neurri murriztaileez eztabaidatzeko. Bilera amaitu berritan Osasun Ministerioak jakitera eman zuenez, zapatutik aurrera indarrean zegoen prebentzio arau bat bertan behera geldituko da: gaitza atzeman zaien herritarren kontaktu estuek ez dute berrogeialdirik egin beharko.

Aste batzuk igaro dira txertatuta zeuden herritarrek berrogeialdirik egin behar ez zutela adierazi zutenetik; ondorioz, txertatu gabe dauden biztanleengan du eragina atzo hartutako erabakiak. Ministerioaren arabera, erabaki honek bereziki ikastetxeetan izango du eragina, kontaktu estuen etxeratzeen protokoloa bertan behera geldituko baita.

Zuhurtzia eskaera

Neurriak neurri, zuhurtziarako deia egin zuten arduradunek. Positibo baten kontaktu estua den herritarrari hamar egunetan "kontuz ibiltzeko" deia egin zioten, prebentzio neurriak zorroztuz; musukoa erabiltzea, pertsona zaurgarriekin harremanak murriztea edota kanpo jarduerak mugatzea, besteak beste.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak