Eremu gorritik irten da Aretxabaleta

Jon Irizar Aranguren 2022ko ots. 28a, 13:35

88 kasu berri baieztatu ziren joan zen aste osoan bailaran, eta Aratusteen biharamunak berri onak utzi ditu Aretxabaletan; 112,99ko tasarekin –8 kasu azken 14 egunetan–, eremu laranjara igaro den bailarako lehen herria da, baita uneotan eremu gorrian ez dagoen EAEko herri handiena ere. Hego Euskal Herriko erietxeetan 308 herritar daude, eta horietatik 58k behar dute zainketa intentsiboa.

Aratusteen biharamunak berri onak ekarri ditu egoera epidemiologikoari dagokionez, bederen, Debagoienera. Azken asteetako bide beretik, beherantz doaz hautemandako kasuak, baita intzidentzia-tasak eta ospitaleratuta dauden herritar kopurua ere.

Azken zazpi egunetan 88 herritarri atzeman zaie gaitza bailaran –39ri eguenetik domekara–, duela bi aste baino 80 pertsona gutxiagori. Oñati (38), Arrasate (23) eta Bergara (11) izan dira aste osoan hamar kasutik gora izan duten herri bakarrak, hiruen artean bailarako kutsatuen %80a baino gehiago atzemanez.

  • Grafiko eta datu guztiak ikusgai daude goiena.eus-eko azken datuak atalean.

Aretxabaleta, laranjaz

Egoera epidemiologikoa bistaratzen duten adierazleen artean, baina, herrietako intzidentzia-tasa adierazten duten koloreek ekarri dute gaurko berritasun nagusia. Asteak zeramatzan bailara osoak gorriz; gaur, baina, Aretxabaleta eremu laranjan sartu da, 112,99ko tasarekin. Euskal Autonomi Erkidegoan eremu gorrian ez dagoen herri handiena da. Jauzia eman duen bakarra izan arren, egoera berritik gertu daude Bergara (285,98), Aramaio (337,84) eta Arrasate (357,76) ere.

Araba, Bizkaia, Gipuzkoa eta Nafarroako datu orokorrak ere behera doaz, Debagoienekoaren pareko. 169 puntu jaitsi da balioa bailaran azken lau egunetan, eta 400eko langaren azpitik da intzidentzia-tasa dagoeneko (399,96). 

65 hildako

Eusko Jaurlaritzak eta Nafarroako Gobernuak emandako datuen arabera, azken astean 65 herritar zendu dira Hego Euskal Herrian gaitzarekin –Jaurlaritzak ostegunera arte zenduak jakinarazi ditu–. Erietxeetan dauden pertsonei dagokionez, iragan domekan baino 143 ospitaleratu gutxiago daude –308, zehazki–, eta horietatik 58k behar dute zainketa intentsiboa, duela zazpi egun baino 17 gutxiagok.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak