Kultura-agendak, ilusioz baina tentuz antolatzen

Aitziber Aranburuzabala Juldain 2022ko ots. 27a, 12:41

Liher taldea, otsailaren 19an Oñatiko gaztelekuan egin zuen kontzertuan. Argazkia: Iñaki Olalde

Edukiera muga kentzeak "arindu eta bizitu" egin du kultura arloa; hala ere, "tentuz" ari dira antolatzaileak ekitaldiak lotzen; Josu Lazkano soinu teknikariaren, Musika Bulegoko Arkaitz Villarren eta Bidean Produkzioak-eko Haritz Zubiateren iritziak jaso ditu GOIENAk.

Otsailaren 14an indargabetu zituzten neurri murriztaile ia guztiak –barruan maskara era- biltzearena izan ezik–, eta kultura-zaleek "pozik" hartu zuten "ohikotik" gertuago dauden kontzertuetara joateko aukera. Antzerkian jarduten dutenek ere "asko estimatu" dute publikoaren goxotasuna, eta bertsolariak ere pozik daude, plazetara sarriago ateratzeko gogoz.

Josu Lazkano (Soinu teknikaria): "Datozen hilabeteetarako aurrekontu-eskaerak jasotzen ari gara, baina, oraingoz, oso motel"

"Hasi da kultura mugitzen"

Iazko urrian aretoetako edukiera osoa baimendu zuten arren, osasun egoerak baldintzatuta abenduaren 28an berrezarri zuten edukiera %60an, eta, berriz ere atzera egiteko "beldurrarekin", antolatzaileak esku-frenoarekin ari direla dio Josu Lazkano soinu teknikariak: "Ekitaldiak antolatzeko gogoa eta asmoa ikusten da, eta ari gara datozen hilabeteetarako aurrekontu-eskaerak jasotzen, baina, oraingoz, oso motel".

Haritz Zubiate (Bidean Produkzioak): " Egun batetik bestera etorri da neurrien malgutzea, eta horrek asko zailtzen digu agendaren planifikazioa"

Sentsazio antzerakoak ditu Bidean Produkzioak-eko Haritz Zubiatek: "Hasi da zerbait mugitzen, udaberrirako eta udarako kanpo ekitaldietan sumatzen da hori, baina oso urrun gaude 2019an garai honetan geunden egoeratik. Ekitaldi asko bertan behera geratu dira azken bi urteetan, eta horiek berreskuratzen ari dira, batetik, programatzaileak, baina, era berean, proiektu asko sortu dira eta horientzako ere tokia egin nahian ari dira, agenda asko dagoeneko oso beteta dauden arren. Egun batetik bestera etorri da neurrien malgutzea, eta horrek asko zailtzen digu agendaren planifikazioa".

Langileen eta aretoen faltan

Pandemiaren eraginez, sektoreko lan-baldintzak asko kaltetu dira, eta arloko langile askok beste lanbide batzuetan murgildu behar izan dutela diote Lazkanok eta Zubiatek: "Sektore honetako langile asko autonomoak dira eta hainbat enpresatan egiten dute lan, baina lantegietara edo bestelako lanbideetara joan beharra izan dute babarrunak atera ahal izateko, eta aurreikusten dugu, adibidez, ez dela nahikoa soinu teknikari izango. Eskarmentuko teknikariak berriz kultura arlora ekartzea zaila da; izan ere, zer berme eman ahal diegu? Eta jende berria edo teknikari gazteak badaude, baina horiek formatzea ez da egun batetik besterako kontua".

Arkaitz Villar (Musika Bulegoa): "Areto txikiak babesteko laguntzen edo arautegiaren beharra ere ikusten da"

Arloko langileen eskasiaz gainera, areto nahikorik ez dagoela dio Haritz Zubiatek: "Talde edo musikari gazteentzat ez dago tokirik. Gaztetxe asko oso ukituta geratu dira, nahiz eta gure eskualdekoak oso aktibo dauden". Horren harira, "areto txikiak babesteko laguntzen edo arautegiaren beharra" aldarrikatu du Musika Bulegoko Arkaitz Villarrek.

 

Jaialdiak ere abian

Asteon iragarri du Bilboko Udalak uztailaren 3an San Mamesen izango direla Metallica, Weezer, The Hellacopters, Nothing But Thieves eta The Regrettes taldeak. "Pistola-tiro moduko bat izan da iragarpen hori, eta esperantza dugu beste udal batzuk ekitaldiak antolatzera animatuko dituela. Halako kartelek, nahiz eta atzerriko taldeak izan eta euren lantaldea ekartzen badute ere, hemengo jendeari ere lana ematen diote: ostalariez gainera, kultura arloko langileei ere bai", dio Lazkanok, eta zera gaineratu du Zubiatek: "Karanbola-efektu hori ikusten dut nik ere; makro-kontzertuetan edo jaialdietan ikusten ez diren lan asko hemengoek egiten dutela egia da, beste eztabaida bat da zenbat diru xahutzen den ezaugarri horietakoak antolatzen".

Musika jaialdi asko oraindik iragarri barik dauden arren, udan eskaintza oparoa izango dela aurreikusten du Villarrek: "Lanean ari dira, eta laster hasiko dira kartelak iragartzen. Musika Bulegotik ere ari gara musika ferietara joaten. Zamoran izan gara, eta laster, besteak beste, Kolonbiara eta Alemaniara joango gara euskal musika esparrua ezagutzera ematera".

Iker Galartza aktorea, asteon, Gure Zirkua karpan. Argazkia: I.G.

Iker Galartza (aktorea eta pailazoa): "Antzokiak beteta ikustea itzela da"

Gure Zirkua berriz zabaldu bitartean, telebistan antzokietan dabil Galartza; Amaia antzokian izango da gaur, domeka, Zuhaitz Gurrutxagarekin batera Txalo Produkzioak-en Lehendakari gaia lana eskainiko du.

 

Edukiera muga barik, igartzen duzue ikusleen berotasuna?

Bai, horixe! Aurreko asteburua ikaragarria izan zen. Lehenengo eserlekutik azkenekoraino beteta ikustea ikaragarria da. Oso eskertuta gaude!


Gure Zirkua zabaltzeko gogoz?


Mantentze eta konponketa lanetan ari gara orain, eta baita ikuskizuna berritzeko lanetan ere, maiatzerako dena prest izateko asmoz.

Eskaera asko ari zarete jasotzen?


Bai, ari gara jasotzen, eta oso pozik gaude. Oraindik iritsi ez garen herri askotatik ari dira deitzen. Ez ditugu oraindik, baina, tokiak zehaztuta. 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak