Arte Ederretan, pintura arloan, lizentziatua bada ere, euskara irakasle lanetan ari da egun. Talde-erakusketa batean parte hartu zuen orain dela urte batzuk, baina Aroztegikoa da Debagoienean bakarka egin duen lehenengoa. "Erakusketekin sentimendu nahastuak ditut; izan ere, erakusleiho onak dira, duda barik, baina margolanak paretetan eskegitzea baino gehiago da. Lanketa handia eskatzen du, lan bakoitzak bere indarra ez galtzeko, baina, aldi berean, orokorrean, bildumak konposizio egokia izan dezan. Inaugurazio ekitaldian, baina, sentsazio oso onak izan nituen".
Barrokotik sinpletasunerantz
Hamabost lan daude, guztira; denak dira olio-pinturak. "Abstraktuak dira, nahiz eta naturaren eta arkitekturaren arrastoak suma daitezkeen. Forma organikoak eta zuzenak konbinatzen ditut. Pintura-pintura dela aldarrikatuko nuke, hau da, koloreei eta konposizioari balioa emanda; ez dute argazki-konposaketarik".
Ander Etxaniz: "Abstraktuak dira, nahiz eta naturaren eta arkitekturaren arrastoak suma daitezkeen"
2017an margotutakoa da zaharrena, eta inaugurazioaren bezperan bukatutakoa berriena. "2020ra bitartekoak Bruselan margotutakoak dira, eta, han erakutsi arren, banuen hemen erakusteko gogoa ere, eta atera egin ditut. Elkarren artean ezberdinak dira. Barruan barrokora jotzeko joera daukat –kolore asko, oso deskonposatuta...–, eta zaharretan gehiago sumatzen da hori; berriagoetan, gero eta gehiago sinplifikatzen ari naiz, osagaien artean hierarkia markatu guran".
Euskarriekin jolastuz
Formatuarekin, tamainarekin eta euskarriekin jolastu da. "Erakusketako handiena –1,50x1,50– egurraren gainean eginda dago. Bruselako galeria batetik bota zuten koadroa da; hartu eta birziklatu egin nuen. Beste gehienak oihalean margotutakoak dira, eta bi lan paperean egindakoak".
Martxoaren 6ra bitartean
Otsailaren 18an zabaldu zuten erakusketa eta martxoaren 6ra bitartean izango da Aroztegi aretoan ikusgai; martitzenetik egubakoitzera 18:00etatik 20:30era eta domeka eta jaiegunetan 12:00etatik 14:00etara.