Greba eguna da gaur Osakidetzako Lehen Arretan

Jon Irizar Aranguren 2022ko ots. 25a, 12:54

Arrasateko Anbulatorioko sarrera gaur goizean. (Argazkia: Goiena)

Otsaila hasieran iragarri bezala, Satse, ELA, LAB, CCOO eta UGT sindikatuek hiru mobilizazio deialdi egin dituzte osasun sistema publikoan datozen lau egunetarako. Lehena, gaur bertan: greba eguna da Osakidetzako Lehen Mailako Arretan. Manifestazioak egingo dira bihar Bilbon, Donostian eta Gasteizen, eta astelehenerako, berriz, lanuztea dago deituta osasun sistema osoan.

Otsailaren 7an agerraldia egin zuten Bilbon Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako osasun sistema publikoan gehiengoa duten Satse, ELA, LAB, CCOO eta UGT sindikatuek. Urtarrilean egindako mobilizazioen ostean Osasun Sailak "pauso bakar bat ere eman ez duela" adierazi zuten, "arazo larriak konpontzeko Jaurlaritzak duen borondate eza" salatuz.

"Osasun publikoa, unibertsala, doakoa, kalitatezkoa eta herritar guztientzat irisgarria izango dena" eskatzen dute deitzaileek, eta negoziazio mahaia edukiz "hustu" izana leporatu diote administrazioari; eztabaida "erreal bat" planteatu ezean, ez zutela berriro parte hartuko iragarri zuten.

Astean berretsi dute erabakia. Administrazioak bilera batera deitu zituen atzoko, eguena, baina deitzaileek uko egin zioten bertaratzeari, deialdi horren helburu "bakarra" greba "indargabetzea" zela iritzita, eta, "inola ere ez, mobilizazioak deitzera eraman gaituzten arazo larriak konpontzea".

Hiru mobilizazio

Ondorioz, bere horretan eutsi diote sindikatuek mobilizazioei. Greba eguna da gaur Osakidetzako Lehen Mailako Arretan. Bihar manifestazioak egingo dira Bilbon, Donostian eta Gasteizen; 12:00etan hasiko dira hiru mobilizazioak, Jesusen Bihotzatik, Boulevardetik eta Andra Mari Zuriaren Plazatik, hurrenez hurren. Astelehenerako, berriz, lanuztea dago deituta osasun sistema publiko osoan.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak