"Zapaltzen gaituen sistemari sua" ematera deitu du mugimendu feministak martxoaren 8rako

Jon Irizar Aranguren 2022ko ots. 24a, 16:17

Iruñeko Gaztelu Plazan egindako agerraldiko une bat. (Argazkia: Euskal Herriko Mugimendu Feminista)

Iruñeko Gaztelu Plazan egindako agerraldian, Euskal Herriko Mugimendu Feministak martxoaren 8rako aldarri eta deialdiak eman ditu jakitera. Zapaltzen gaituen sistemari sua, antolakuntza feminista gure garra! lelopean, sistema "heteropatriarkal, kapitalista, arrazista eta kapazitistari elkarrekin, indartsu eta batuta" erantzuteko beharra aldarrikatu dute. Astelehenean agerraldia egingo du bailarako mugimendu feministek.  

"Egunero zapaltzen, erasotzen eta erailtzen gaituen sistema heteropatriarkal, kapitalista, arrazista, kapazitista hau kiskali nahi dugu". Bide horretan ekin diote Euskal Herriko Mugimendu Feministako hainbat kidek Iruñeko Gaztelu Plazan egin duten agerraldiari. Sare sozialetan partekatu duten irakurketan ikusi daitekeenez, martxoaren 8ko aldarriak izan dituzte ahotan, deialdi nagusiak jakitera emateaz gain.

"Bizitzea merezi duen mundu bat" eraikitzeko indarrak batu nahi izan dituzte, norabide zehatz bat aldarrikatuz: "Feminismoa da bidea". Horrek, baina, "bizitza politizatzea" eskatzen duela adierazi dute, "egunerokotasuna borroka eremu bihurtzea", alegia. Euskal Herriko Mugimendu Feministak antolatzeko deia egin nahi izan du, "elkarrekin, indartsu eta batuta" diskurtso faxistei, misoginoei, homofoboei eta sexistei "argi eta ozen" adierazteko "aurrean izango gaituztela eta ez direla pasako".

Mobilizazioak hiriburutan

"Anitza eta emakume* guztiei irekia" izan behar den feminismoa lortu nahian, martxoaren 8an zentro eta periferia guztietan mobilizatzeko deia egin dute. Iruñeko agerraldian Euskal Herriko bost hiriburuetako mobilizazioak iragarri dituzte; Baionakoa, Bilbokoa, Gasteizkoa, Donostiakoa eta Iruñekoa, hain zuzen. Ez dira, baina, mobilizazio bakarrak izango.

Agerraldia astelehenean

Gaurko aurkezpenaren harira, bailarako mugimendu feministek agerraldia deitu dute hilaren 28rako, astelehena. Elorregin elkartuko dira arratsaldeko 18:30etan, eta "emakume*" guztiei irekitako deialdia da.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak