Udaberrian bailarara helduko da Aspaceren '50 urte inklusioa bermatzen' erakusketa ibiltaria

Jon Irizar Aranguren 2022ko ots. 23a, 15:33
'50 urte inklusioa bermatzen' erakusketa ibiltariaren aurkezpen agerraldiko irudia. (Argazkia: Aspace Gipuzkoa)

Garun-paralisia duten herritarrei arreta ematen dion Aspace erakundeak 50 urte betetzen ditu aurten. Ospakizun gisa, Gipuzkoako hainbat herritan '50 urte inklusioa bermatzen' erakusketa izango da ikusgai; udaberrian, esaterako, Bergaran, Arrasaten eta Eskoriatzan. Erakundearen jarduna azaltzea eta gizarteari eskerrak ematea da ekimenaren helburua.

Gaur aurkeztu dute Hernaniko Orona Ideo teknologia eta berrikuntza parkean '50 urte inklusioa bermatzen' erakusketa ibiltaria. Urrezko ezteiak ospatzen ari da garun-paralisia duten herritarrei arreta ematen dion Aspace Gipuzkoa erakundea; data adierazgarri horren baitan antolatzen ari diren ekitaldi sortaren parte da, hain zuzen, Orona Fundazioaren kolaborazioarekin antolatu duten esposizioa.

Prentsa ohar bidez adierazi dutenez, "azken 50 urteotan egiten ari garen jarduera azaltzea eta Gipuzkoako gizarteari eskerrak ematea" da erakusketaren helburua. Probintziako hamaika udalerritan hamabost zentro daudela aintzat hartuta –bailarako hiru herritan lau egoitza, esaterako–, ibiltaria izango da ekimena. Aurkezpen agerraldia egin duten Hernaniko Orona Ideoren eraikina izango dute abiapuntu, eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren Donostiako egoitza, aldiz, helmuga. Zortzi hilabetean hamabi geldialdi egingo ditu.

Errealitatea, muina

Erakusketak "modu didaktiko eta pedagogikoan" garun-paralisia duten pertsonen errealitatea islatuko du, beren ingurune pertsonal eta familiarra zein Aspace bera "erakutsiz eta balioetsiz". "Erabiltzaile, familia, profesional eta boluntarioek duten garrantzia, elkarteak lurraldean duen eragina, eskaintzen dituen zerbitzuak eta historia ezagutuko ditugu", adierazi dute.

Bide horretan, elkartea kokatuta dagoen Gipuzkoako udalerri bakoitzeko zentro eta ikastetxeek egin dituzte esposizioa osatzen duten 24 panelak, "elkarteari dagokion gai bat ardatz hartuta"; besteak beste, parte-hartzea, eskubideak, bizikidetza edota komunikazioa landu dira. 

Udaberrian, bailaran

Hiru herritan banatuta, Aspaceren lau zentro daude Debagoienean: Musakola eta Udalaitz Arrasaten, Oxirondo Bergaran eta Luis Ezeiza Eskoriatzan. Maiatzetik ekaina erdialdera, herri guztietatik igaroko da '50 urte inklusioa bermatzen' erakusketa.

  • Bergara (Kultur etxea): maiatzaren 2tik 15era
  • Arrasate (Kultur etxea): maiatzaren 20tik ekainaren 1era
  • Eskoriatza (HUHEZIko Dorleta eraikina): ekainaren 1etik 15era

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak