San Anton egunean, urtarrilaren 17an, aurkeztu ohi du 36 upategiz osatutako Getariako Txakolina jatorri izenak sasoi berriko ardoa. Aurten, iaz bezala, elkarteko arduradunek ez dute ekitaldi ofizialik egin nahi izan, pandemiak eragindako egoera hobetu arte itxarotea lehenetsi dutelako. Baina koronabirusak ez zuenez iazko udazkeneko uzta geldiarazi, dagoeneko eskura daiteke 2021ean egindako Gipuzkoako txakolina.
Kostaldeko lursailetan produkzio osoaren %90 ekoizten den arren, barrualdean ere badaude mahastiak, baita Debagoienean ere. Aurten, Kataide, Belaskua eta Murgialdai markek komertzializatu dute bailarako lurretan hazitako mahatsarekin eginiko edaria, bakoitzak bere baliabide eta ezaugarriekin.
Ohitura handia Oñatin
Oñati da Gipuzkoan mahasti gehien dituen laugarren herria, Getariaren, Zarautzen eta Aiaren atzetik. XIX. mendea ezkero ustiatzen da mahatsa bertan; gaur egun, urtero komertzializatzen dute txakolina; normalean, Upaingoa, Murgialdai eta Belaskua etxeek. Aurten, Upaingoan ez dute edaririk egin, "proiektua berregituratzen" ari direlako, baina beste biek, bai.
Belaskuako Jon Urzelaik aipatu du iaz egindako izotzak bi hektarea pasatxoko mahastia "izorratu" ziela: "Normalean ateratzen dugunaren %15 ekoiztu dugu: 1.500 kilo mahats, guztira. Belaskuako fruitua Getariako upategi batean bihurtzen dute txakolin, eta aurtengoak gustu "suabea" dauka, ez baita %13ko graduazio puntura iritsi, "uda laino askokoa eta eguzki gutxikoa" izan delako, bereziki.
Murgialdain, berriz, 25 tona inguruko uzta batu zuten udazkenean, nahiz eta bertan ere udaberriko izotzek eragina izan zuten. Aritz Galdos ekoizlearen arabera, iazko zikloa "luzea" izan zen: "Negu epelak udaberria aurreratu zuen, baina udako eguzkirik ezak mahatsaren heltze prozesua luzatu zuen”. Hala ere, "txakolin freskoa" atera da, "usain askokoa", eta "gustura" daude emaitzarekin.
Arrasaten, iaz baino hobeto
Bailarako ordezkaritza daraman hirugarren markak, Kataidek, 1989an hasi zuen ibilbidea. Aitonak hasitako tradizioari eusten dio familiak, Julen Arregik, tartean. Azaldu du, Oñatin ez bezala, euren bi hektareako lursailean ez zuela izotzik egin neguan, eta horregatik mantendu dela mahatsa behar bezala: "Pozik gaude iaz baino uzta hobea atera dugulako; ardoak zapore ona dauka, gainera".
Esan behar da bailarako ekoizpenaren zati handiena geratzen dela bertan; jatetxe, taberna eta saltokietan, batik bat.
UPATEGI BERRIA DU MURGIALDAIK
2008 eta 2010 artean landatutako lau hektareako mahastiaren alboan eraiki dute bodega berria, Oñatiko Murgia auzoan. 2016an hasi ziren Murgialdai etxeko ekoizleak upategiaren proiektua diseinatzen, eta dagoeneko erabilgarri dago. Orain, mahatsa ekoizteaz gain, elaborazioa ere bertan egiten hasi dira. "Lehen aldiz egin dugu bertan txakolina, eta pozik gaude emaitzarekin", adierazi du Aritz Galdosek. Upategia egiteak "proiektuaren ziklo osoa" ixten du, kalitatea eta trazabilitatea "hobeto kontrolatzea" ahalbidetzen die eta beste txakolin mota batzuk egiteko aukera zabaldu, besteak beste. Bisitak hartu eta dastaketak egiteko txoko bat ere atontzen ari dira: "Ea udaberrirako martxan dugun".