Eudelek eta Emakundek koordinatuta, berdintasunerako eta indarkeria matxistaren aurkako tokiko proiektuak bultzatuko ditu Berdinsarea udalerrien sareak, Euskadiko 2030 Agendaren barruan. Atzo egin zuten urteko lehenengo Osoko Bilkura eta udal legealdia amaitu bitartean garatu beharreko ekintza plana aurkeztu zen bertan.
Horri jarraiki, udalek honako hauek egin beharko dituzte, besteak beste: indarkeria matxistaren kontrako Erakunde arteko III. Akordioaren lanketan parte hartzea; tokiko berdintasun politiketan kalitateari buruzko estandarrak txertatzea; udalen artean esperientziak eta jardunbide egokiak trukatzea; edota 2030 Agendarako proiektuak diseinatzea eta abian jartzea.
Lau proiektu 2030 Agendan
Aurreratu bezala, Berdinsareak lau proiektu sustatu ditu etorkizun iraunkorragoa bilatzen duen Euskadi 2030 Agendan. Lehenengoa "zaintzen tokiko eredua" sortzea da, "ikuspegi feministatik eta zaintzaren erantzunkidetasunari erreparatuz". "Eredu horrek barne hartuko luke udalerrietako tokiko komunitateen zaintza sareak artikulatzeko ibilbide bat", azaldu du Berdinsareak.
Bestetik, indarkeria matxista jasan dutenei "arreta integrala" emateko tokiko koordinazio protokoloak eguneratzea proposatu du Berdinsareak. Hirugarren proiektua, berriz, alkate eta zinegotziak diren emakumeek egiten duten lana babestean datza.
Azken proiektuak tokiko hautetsien sarea bultzatzea du xede: "Udalerrietan emakumeen eta gizonen arteko berdintasun eraginkorrerantz jotzeko prozesuak eta proiektuak bultzatzen dituzten hautetsiak modu aktiboan inplika daitezen lortu nahi da".