Lan erreformak "ezkutatzen duena" aztergai, bi hitzalditan

Jon Irizar Aranguren 2022ko ots. 17a, 17:43

Hitzaldiak iragartzeko egindako pankartetako bat. (Argazkia: Lubaki - Langile Elkartasun Sarea)

Bergarako Lubaki - Langile Elkartasun Sareak Lan erreformak ezkutatzen dizuna hitzaldiak antolatu ditu; zehazki, egubakoitzean Arrasateko Gaztetxean (19:30), eta zapatuan Bergarako Kartzela Zaharrean (12:00). Otsailaren 3an Espainiako Kongresuan onartutako dekretua izango dute hizpide, gaia hiru ertzetatik landuz: zergatiak, prozesuaren ibilbide politiko zein mediatikoa eta ondorio juridikoak.

Otsailaren 3an Espainiako Kongresuan onartutako 32/2021 Errege Dekretuak –lan erreforma, hitz soiletan– hautsak harrotu ditu politikagintzan, eragile sozialetan zein gizarteko hainbat esparrutan. Erreformak "ezkutatzen duena" bistaratu asmoz, Bergarako Lubaki Langile Elkartasun Sareak "kontzientziazio kanpaina informatiboa" jarri du abian. 

Dekretua onartu eta biharamunean webgunean argitaratu zuten irakurketak dioenez, "antolakuntza iraultzaile indartsu baten faltan", "burgesiari ziklo ekonomiko berrian beharrezkoak zaizkion aldaketak txertatu dira" erreforman. Aldi baterako lanekin ez amaitzea, kaleratzeen baldintzak ez aldatzea, ERTEak betikotu eta hauen ezarpena erraztea edota elite ekonomikoek inposatutako aldaketa izatea dira, besteak beste, salatzen dutena. 

Hiru ertz

Europar Funtsen ekarpen ekonomikoa jasotzeko "beharrezko" erreforma dela iritzita, zalantzak argitzea helburu duten bi hitzaldi antolatu ditu Lubakik Lan erreformak ezkutatzen dizuna izenpean. Hiru ertz landuko dituzte: zergatiak, prozesuaren ibilbide politiko zein mediatikoa eta ondorio juridikoak.

Etxegabetzeen, Mozal Legearen edota pentsioen erreformen bidetik, Europak egindako "apustu baten ondorioa" dela uste dute eragile sozialeko kideek, "oligarkia finantzarioen menpe", estatuak "miseriaren kudeatzaile eta bake sozialaren betearazle soilak" izateko bidean daudela iritzita. Programa politikoa egikaritzeko "ezintasunak", halaber, langileria "engainatzeko eta despolitizatzeko" funtzioa betetzen dutela uste dute. Ondorioen alorrean, aldiz, hizkuntza praktikoan langileei suposatuko dien "ezegonkortasuna" bistaratzen ahaleginduko dira.

Arrasaten eta Bergaran

"Gure gaitasunen arabera, ez dago erreforma atzera botatzeko indarrik", adierazi diote Lubakiko kideek Goienari. Hala ere, klase kontzientzia sortzeko eta antolatzeko jarri dituzte bi hitzorduak. Egubakoitzean izango da lehen solasaldia Arrasateko Gaztetxean (19:30); bigarrena, berriz, Bergarako Kartzela Zaharrean egingo da zapatuan (12:00).

Biak ala biak euskaraz egingo diren arren, Langile Elkartasun Sareak jakinarazi du itzulpen zerbitzua egongo dela hizkuntza ulertzen ez duten horientzat.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak