Martitzenetan egin ohi zuten arren, aste honetan eguaztenean eguneratu ditu Gipuzkoako Foru Aldundiak adinekoen egoitzetako egoera epidemiologikoari dagozkion datuak. Probintzia osoko balioei so eginez gero, behera egin dute positibo berriek zein hildakoek; 200 izan dira azken zazpi egunetan atzemandako kasuak (307 duela bi aste), eta lau egoiliar zendu dira (zazpi duela bi aste).
Bailarako datuek, eta modu adierazgarrian ez bada ere, kontrako bidea egin dute. Joan zen astean egoiliar bakarra kutsatu zen; azken zazpi egunetan, aldiz, zazpi. Sei kasu Bergarako Mizpirualde egoitzan atzeman dira, eta zazpigarrena, berriz, Eskoriatzako Jose Aranan.
Hildakorik ez bailaran
Datu positiboena, baina, gaitzak eraginda zendu diren egoiliar kopuruan dago. Behera egin dute datuek Gipuzkoan (egoiliar bana hil dira Donostiako, Zizurkilgo, Hernaniko eta Irungo egoitzetan azken astean), eta Debagoienean ez da egoiliarrik zendu urtarrilaren 25etik.