Mobilizazioak mobilizazio, Osasun Sailaren "murrizketa, prekarizazio, inbertsio falta, pribatizazio eta osasun publikoaren desegite politikoak" aurrera jarraitzen duela iritzita, elkarretaratzea egin dute gaur goizean Arrasateko Anbulatorioaren aurrean. Nik sinisten dut osasun publikoan. Osakidetza indartu lelopean, otsaila amaierarako iragarrita dauden mobilizazioen ildo beretik egin da gaurko aldarrikapena.
Izan ere, Satse, ELA, LAB, CCOO eta UGT sindikatuek deituta, eta Osasun Sailaren "immobilismoa eta konponbiderik eza" salatzeko, bi greba egun egingo dira Osakidetzan hilabete amaieran. Zehazki, otsailaren 25ean, egubakoitza, Lehen Arretan dago deituta lanuztea; otsailaren 28an, aldiz, Osakidetzako esparru guztietan.
Manifestazioak hiriburuetan
Horrez gain, otsailaren 26an, zapatua, hiru manifestazio egingo dira aldi berean Gasteizen, Bilbon eta Donostian. Goizeko 12:00etan hasita, "osasun publikoa, unibertsala, doakoa, kalitatezkoa eta herritar guztientzat irisgarria izango dena" defendatzeko aldarria egingo dute. Sindikatuek herritarrei, gizarte-mugimenduei eta gainerako erakundeei parte hartzeko deia egin diete.