Elkarlana da D2030en egiteko modua bereizten duen ezaugarrietako bat eta horretan badu Goienak eskarmentua, herri eta eragile desberdinen arteko elkarlanetik sortu baitzen Goiena duela 22 urte.
Debagoiena 2030 eskualdean eraldaketa bultzatzeko sortu da. Zein ekarpen egin diezaioke Goienak ekimenari?
Gurea euskarazkoa eta tokikoa den komunikabidea da eta D2030, berriz, eskualdeko eraldaketa iraunkorra bultzatzeko sortu den ekimena. Oinarri-oinarritik uste dut baditugula partekatzen ditugun ezaugarriak. Esaterako, balio jakin batzuekiko konpromisoa: batetik, eskualde ikuspegia dago, Debagoiena subjektu moduan ulertzeko dugun modua, errespetatu arren, herri bakoitzak dituen ezaugarriak. Bestetik, badago gizartera ekarpen jakin bat egiteko nahia ere. Gurea ez baita eskualdean gertatzen denaren inguruko informazioa emateko tokia bakarrik, balio batzuen gainean eraikitzen den egitasmoa, baizik.
Elkarlana da bi ekimenek partekatzen duten ideietako bat. Zein da Goienaren esperientzia arlo horretan?
Hain zuzen ere, elkarlana bera da partekatzen dugun balioetako bat. Goiena elkarlan baten emaitza da, duela 20 urte baino gehiago bailarako herrietako udalek, euskara elkarteek eta herri komunikabideek baliatu zuten hausnarketa baten emaitza. Udal horiek, euskara elkarteek eta komunikabide horiek elkarlanean sinistu zuten, indarrak batzearen garrantzian eta Debagoienari eskualde ikuspegia emateko ideian. Horri guztiari gehitu behar zaio hasieratik Goienak komunitatearekin izan duen lotura. Kudeaketa publiko-pribatuan sinistu eta praktikatzen dugu.
"Debagoiena gehiago egitea da norberaren herria garapenarekin lotzeko modua"
Debagoienari subjektu izaera ematen lagundu du Goienak.
Hedabideek, euskalgintzan duten garrantziaren jakitun zirenek, bultzatu zuten batasuna. Udalek ulertu zuten tokikoaren indarra zerbitzu informatibo gisa eta euskarazko zerbitzu gisa. Baita bailarako euskara elkarteek ere. Halako komunitate sinboliko bat sortu du Goienak. Esaterako, bergararra debagoiendarragoa da orain, eta horretan uste dut eraginik izan duela Goienak. Hala ere, oraindik ere instituzioek eman ditzakete urratsak norbere herritik burua altxatzeko. Uste dut Debagoiena gehiago egitea eta izatea dela norberaren herria garapenarekin lotzeko modua. Txiki izaten jarraitu bai, baina batuta; eta, batura horretatik eraginkorrago izanez. Tokiko hedabideetan ikasia daukagu eskola hori eta ordenatu genuen egoera.
Komunitatearen parte-hartzea bera ere bada D2030en egiteko moduetako bat. Zein da Goienaren esperientzia komunitatearekiko harremanean?
Tokikoak gara, gertukoak, eta hori egiteko komunitatearekin dugun harremana da gakoa. Bertatik bertara egiten dugu lan, eta gure komunitatearekiko dugun konpromisoak garrantzi
handia hartzen du. Egia da, herrigintzan, gizartean eta Goienan bertan ere azken urteotan izan diren aldaketen ondorioz Goienaren eta bere komunitatearen arteko harremanean izan direla aldaketak. Horregatik, azken urtean D2030ek bultzatutako hausnarketa prozesu baten murgildu gara, gure komunitatearekin dugun elkarlan moduez hausnartu eta bide horretan nola sakondu aztertzeko.
Zein izan da emaitza?
Komunitatearen parte hartzearekin eta ahalduntzearekin lotutako proiektu bat. Goiena Eraldatzailea izenburua ipini diogu. Azken finean, komunitatearekin parte hartze eta elkarlan eredu berriak nola bideratu aztertu gura izan dugu. Horretarako prozesu bat abiatu genuen, zeinetan gure komunitateko hainbat kideren sentsazio eta iritziak jaso genituen. Goiena barruan ere hausnartu dugu horretaz eta komunikabide gisa dugun funtzioaz. Azken finean, Goienak gizartearekiko duen konpromisoan sakondu behar dugula ondorioztatu dugu, eta horretarako komunitatearekin elkarlanean aritu behar dugula. Horregatik, arlo zehatz batzuekin lotutako –klima aldaketa, euskara, kultura, ekonomia– Mahai edo Talde Iraunkorrak sortuko ditugu. Talde horiek, komunikazio eraldatzailean Goienaren bidelagun izango dira. Nahiko genukeena da, elkarlan horretatik proiektu berriak sortu.
"Debagoiena 2030 tresna izan daiteke eskualdeko entitateen jarduna eraginkorrago bihurtzeko"
D2030ekin duzuen loturak zein ekarpen egin dio Goienari?
Itzela. Egia da gizarteko erronken aurrean Goienak izan behar lukeen estrategiaz hausnartzeko eta duela urte mordoa ekin genion lankidetzaren lanketari jarraibidea eta indarra emateko ezinbestekoa izan dela D2030ek eskaini digun laguntza. Proiektu horretan bidelagun izateaz gain, Goiena D2030eko gobernu batzordeko kide ere bada, eta komunikazio taldeko kide ere bai. Arlo askotan dugu D2030ekin lotura eta aurrerantzean ere norabide hori partekatzen jarraituko dugu; izan ere, D2030 tresna izan daiteke Debagoieneko entitateen jarduna eraginkorrago bihurtu eta norabide berean jartzeko.