"Gure arbasoetatik edo sustraietatik jaso dugunetik egiten dugun bidaia moduko bat da Ganbara ikuskizuna; haurrentzako sortutakoa, baina helduon gozagarri ere badena", dio Markeliñe konpainiako zuzendari Jon Kepa Zumaldek, eta zera gaineratu du: "Baserri giroan kokatu gara, azkeneko urteetan bizimodu horrek izan duen aldaketa sakona aintzat hartuta. Hortik abiatuta, gure sustraiak nondik datozen eta sustrai horietan emakumeek izan duten garrantziaz hausnartzera bultzatu nahi ditugu ikusleak".
Arbasoen baserria saltzeko asmoa du protagonistak, eta halako baten ganbarara igoko da eta familiako oroimenak aurkituko ditu han. "Arbasoek lanerako eta beste zereginetarako erabiltzen zituzten askotariko elementuekin jolastuz, mugituz eta eraldatuz eszena ezberdinak sortuko ditu, ikusleak bere bidaian murgilduz horrela".
Musika zuzenean
Itziar Fragua da taularen gainean dagoen aktore bakarra, baina alboan izango du uneoro, Roberto Castro Boti musikaria. "Oso trebea da Fragua; gauza asko egiten ditu: abestu, askotariko elementuak manipulatu.... Lan oso fisikoa da, eta nahiz eta aktore bakarra izan, ederto betetzen du oholtza. Boti ere sekulako artista da, eta instrumentu asko jotzen ditu: gitarra, harmonika, tronpeta, alboka, txirula... eta horrez gain, hainbat perkusio mota ere erakutsiko ditu, aktoreak erabiltzen dituen elementuei soinua aterata. Euskaraz da, nahiz eta aktoreak hitz gutxi egiten duen, baina oso bizia eta ikusgarria da. Ikus-entzunezko proiekzioekin ere jolasten dugu".
Markeliñeren 'Ganbara' lana eta Trokolo taldearen 'Zurginaren ipuina' bihar ikusgai
Bergaran, Trokolo taldea
Maiatzean Aretxabaletako Arkupe kultura etxean eskaini zuten Zurginaren ipuina egingo du Trokolo taldeak Bergarako Seminarixoan bihar, zapatua, 18:00etan hasita. Iban Barrenetxeak idatzi eta ilustratutako antzezlana Isabel Aisak zuzendu du eta Sergio de Andres eta Ramon Marco aktoreak izango dira taularen gainean. Firmin zurgina da istorioko protagonista. "Berak egiten dituen mahaiak eta bestelako altzariak bereziak dira, eta dantza eta kanta egiteko gai dira haren jostailuak. Barrenetxearen istorioak duen umorea eta ironiak harrapatu egin gintuen. Hori horrela, antzezpen komikoekin, atrezzo ederrekin eta ikus-entzunezko proiekzioekin eskainiko dugu, bereziki, hiru eta hamar urte bitarteko haurrentzako aproposa den lana", diote taldekoek.