LABI instituzionalak COVID-19ari aurre egiteko neurri murriztaile gehienak bertan behera lagatzea eta bi hilabeteren ostean larrialdi egoera indargabetzea erabaki duela jakinarazi du gaur arratsaldean Iñigo Urkullu lehendakariak. Pandemiaren neurgailuek "beheranzko joera" erakutsi dutela eta, neurriak bertan behera lagatzeko "baldintza egokiak" betetzen direla zehaztu du, eta "gizartearen ongizatea" bermatu nahi izan dutela adierazi: "Orokorrean, gizarteari bizitza pertsonalean mugak saihestu nahi dizkiogu, ahal den neurrian, baita garapen sozio-ekonomikoa erraztu ere".
Kutsatze arriskua, "baxuagoa"
Omikron aldaeraren kutsatze arriskua "baxuagoa" dela ere zehaztu du lehendakariak: "Ospitaleratzeetan duen eragina eta ZIU oheetan duen bilakaera aztertu dugu, baita gaur egun 0,68an dagoen R0 indizea ere. Datu hori konfinamenduan bakarrik erregistratu da eta ez da 2021 osoan errepikatu".
Hortaz, orain arte ezarritako neurri murriztaile nagusiak bertan behera geratuko dira EAEn astelehenetik aurrera: Ostalaritza, gizarte eta merkataritza jardueren itxiera 01:00etan, % 60 edukiera, barran kontsumitzeko debekua eta hamar pertsona batzeko muga, besteak beste.
Zuhurtziarako deia
Azken bi urteetako esperientzia adibide hartuta, "zuhurtzia" eskatu du Urkulluk: "Ezin dugu jakin gainditzen ari garen seigarren olatu hau azkena izango den, etorkizunean berriro osasun larrialdia indarrean sartuko ote den edo neurri murriztaileak aplikatzea beharrezkoa izango den".
"Txertaketaren garrantzia" gogorarazi nahi izan du Urkulluk: "Une honetan biztanleriaren %93k jaso du pauta osoa eta seigarren olatuaren ostean immunitate natural handiagoa ere lortu da. Ospitalean bukatzeko lau aldiz arrisku handiago dute txertorik jaso ez dutenek".