Gaur goizean bildu dira Jokin Bildarratz Hezkuntza sailburua eta Gotzone Sagardui Osasun sailburua Espainiako Gobernuak musukoaren erabileraren inguruan martitzenean sinatutako dekretua aztertzeko. Eguaztenean Espainiako Estatuko Aldizkari Ofizialean agindua argitaratu zenetik, kanpoaldean ez da ezinbestean musukoa erabili behar. Ezta, zehazki hala jasota, ikastetxeetako jolastokietan ere.
Ikastetxeetako protokoloa Eusko Jaurlaritzaren eskumena izaki, dekretua esku artean izan, aztertu eta egoera epidemiologikoaren bilakaeraren inguruko datu berriak izan arte erabakirik hartuko ez zutela iragarri zuten aste hasieran. Bada, eguerdian ikastetxeei egin diete jakinarazpena: gaurtik aurrera, jolastokietan aire zabalean daudenean Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako haurrek ez dute zertan maskararik erabili beharko. Ondorioz, Hego Euskal Herri osoan indarrean den neurria da, Nafarroako Gobernuak aurrez erabakia hartua zuen eta.
Salbuespena
Musukoaren erabilera, baina, ez da bertan behera gelditu. Izan ere, espazio itxietan nahitaezkoa da maskara erabiltzea, eta baita, salbuespen gisa, kanpoaldean egiten diren baina jende pilaketak dauden kirol zein kultur ekitaldietan ere.