Gaur arratsaldean Lurralde Arteko Batzorde Iraunkor instituzionalak neurri murriztaileen inguruan hartuko dituen erabakien esperoan, datuen joerak beheranzkoa izaten jarraitzen du.
Azaroaz geroztik lehen aldiz, 200 kasu baino gutxiago hauteman dira asteko lehen hiru egunetan Debagoienean: 159. Joan zen astelehenetik eguaztenera, esaterako, 337 positibo izan ziren, bikoitza baino gehiago. Azken zazpi egunetako zifrei erreparatuta, antzekoa da joera. Urtarrilaren bostean argitaratu ziren 3.598 kasuekin jo zuen goia balioak, eta 901 izan ziren pasa den astean; azken astean 391 izan dira orotara.
- Grafiko eta datu guztiak ikusgai daude goiena.eus-eko azken datuak atalean.
Zuzen behera
Kasu berrien jaitsierak eragin zuzena du intzidentzia-tasaren bilakaeran, eta adierazgarria bihurtu da azken egunetan grafikoa; azarotik urtarrilera bitarte izandako goranzko lerro zuzenak zuzena izaten jarraitzen du, baina beherantz. Gipuzkoako tasak salbu, Hego Euskal Herriko gainontzeko lurraldeetako balioak 2.000ko langatik behera kokatu dira, baita Debagoienekoa ere (1.993,55). Joan zen eguenetik, 1.000 puntu pasan jaitsi da.
Geldoago
Erietxeetako beheranzko bilakaera, aldiz, geldoagoa izaten ari da kasu berriekin eta intzidentzia-tasekin alderatuz gero. Atzo Hego Euskal Herriko 553 herritar zeuden ospitaleratuta, eta 104 ziren Zainketa Intentsiboen Unitateetan zeudenak. Bailarako ospitaleari dagokionez, 7 herritar daude gaitzarengatik erietxeratuta, joan zen eguenean baino 3 gehiago.