Felix Arrieta: "Erantzunak zatikatuta, aldeak handitzen dira"

Julen Iriondo M. de Zuazo 2022ko ots. 11a, 07:57

Deustuko Unibertsitateko irakasleak Osakidetzaren erreferentzialtasunaren pareko zerbait ikusten du faltan gizarte zerbitzuen arloan: egitura bat edukitzea eta baliabideak ezagunak izatea.

EH Bilduk gonbidatuta, Felix Arrieta gizarte arrakalari buruzko solasaldi batean parte hartzen izan da berriki Oñatin. Gizarte zerbitzuekin lotutako eskumenak hainbat administrazioren artean banatuta egoteak dakartzan ajeetan jarri zuen azpimarra Arrietak.

Nola eragin du pandemiak gizarte desberdintasunei dagokienez?

Birusak denoi eragin diezaguke, baina hari aurre egiteko garaian badaude desberdintasunak: pertsona zaurgarrienen zaurgarritasuna are ageriago geratu da. Kalean bizi direnak datozkigu agian burura, eta bai –eman zitzaien urgentziazko erantzun bat, baina epe luzeagorako erantzunik ez da artikulatu–, baina baita adineko pertsonak ere, egoitzetan zeudenak edota bakarrik bizi zirenak, eta gazteak ere bai: koronabirusak asko murriztu ditu sozializazio aukerak, eta gazteentzat sekulako karga izaten ari da. Eta egoera horiei nola aurre egin? Kasu batzuetan, hausnarketak ari gara egiten, eraldatzeko, egoitzetan, adibidez; beste batzuetan, arazoa identifikatu ere ez dugu egin, gazteen kasuan, esaterako. Kriminalizatu egin dituzte, eta diskurtso horrek ez du lagundu. 

Eta gizarte zerbitzuen arloan, zer ekarri du pandemiak?

Batetik, oso agerian geratu da gizarte zerbitzuetan lan egiten duten profesionalen benetako dedikazioa; baina baita sistemak dituen zailtasunak ere. Jaurlaritzak, adibidez, neurriak jarri ditu hirugarren sektorearen bitartez, edo etxebizitza batzuk ireki ditu, baina hori ez da koordinatu tokian tokiko udalarekin, eta horrek, epe ertainera, zailtasunak dakartza pertsona horiei jarraikortasun bat emateko. Hezkuntza arloan, adibidez, udalen erantzun batzuk badira, ordenagailuak emateko etxean ez zituztenei, baina toki batzuetan artikulatu dira, beste batzuetan ez... Horrek onura sor dezake tokian-tokian, baina gizarte zerbitzuen arloan erantzunak zatikatzean, nahiz eta urgentziaz izan, desberdintasunak zabaltzen dira. Sarbidea da oso inportantea: Mutrikuko batek eta Ondarroako norbaitek zergatik ez dute begirada bera izan behar sarbideetara doazenean? Inertziak hona ekarri gaitu. Berdin jarraitu nahi dugu, edo heldu nahi diogu gaiari? 

Osakidetzaren adibidea jarri duzu.

Gizarte zerbitzuak egituratu egin behar ditugu. Egituratzeak legitimazioa lekarke. Gaur, ez da ezagutzen, eta ezagutzen ez dena ez dugu geure sentitzen. Gertatzen da Osakidetzarekin; baina Euskotren ere noiz sentitzen dugu geure? Erabiltzen dugunean. Eta orduan arduratzen gaitu. Gizarte zerbitzuekin ez zaigu hori gertatzen. Egituratzearekin, unibertsalizaziorako joera ere egon daiteke, eta, gainera, langileen baldintzak hobetzen lagunduko luke. Eta, finean, pertsona hobeto artatzea ekarriko luke guztiak. 

Ikusten da asmorik bide horretan?

Legebiltzarreko eztabaida izan behar da hau. Alderdi batzuk hasi dira proposamenak artikulatzen; beste batzuk urrunago daude. Pandemiaren ondorioetako bat bada eztabaida puri-purian dagoela. Ez dakit legegintzaldi honetan edo hurrengoan, baina itxaropena badut eztabaida hau serio hartuko dutela. Alderdi sozialistak bazuen antzeko proposamen bat; EH Bilduk azkeneko hauteskundeetan programan zeraman halako zerbait. EAJk berak badauka zentzu bat erreformarako, baina ez du asko zehaztu. Badago eztabaidarako zentzu bat, baina argi dut: horrelakorik egitekotan, kontsentsu handiarekin egin behar da.

Zenioen ea nork egin behar duen indarra gizarte zerbitzu eredu berri baten alde, muturreko bazterkerian daudenek ez dutela eragin ahalmenik; pandemiak, baina, zaurgarri guztiok garela erakutsi digula. Lagundu dezake horrek?

Koronabirusak zabaldu duen zaurgarritasun horrek borrokarako bidea eman du arlo askotan, zerbitzu konkretu batzuen alde: osasunarekin gertatzen ari da, berriro ere. Baina gizarte zerbitzuen arloa oso hetereoa da oraindik. Zaintzaren logika bai, gelditu da erdigunean, oso parean tokatu zaigulako, baita mugimendu feministaren lanagatik ere, eta kontziliazio logikak ere sistemaren erdigunean gertatu dira, bai txikiekin, eta baita adinekoekin ere. Zaintzaren eztabaida erdigunean geratu izanak aurrera pausoak ematen lagunduko duela dirudi, denoi tokatu zaigulako, eta denoi tokatze horrek laguntzen duelako presio hori egiten. Zaurgarrienekin edo etxerik gabekoekin zaila da presio hori sentitzea, inork ez dugulako errelitate hori begiratu nahi. Presioak, beraz, beste leku batzuetatik etorri beharko du, aldaketa posible izango bada.

Nahiz eta baztertuenengatik egiteak ere mereziko lukeen.

Zalantzarik gabe. Merezi dute, eta merezi dute, gainera, modu egonkor batean artatuko dituen politika bat. Ari dira gertatzen pausoak, badagoelako errekonozimendurako logika bat, eta badagoelako administrazio publikoetan begirada bat errekonozimendurako logika horretan sartzeko pausoak emateko. Baina beraiek ez dute presiorik egingo norabide horretan. Eta hori da zailtasun handiena. Gizarteak ez ditu ikusi nahi, eta beraiek ez dute presio hori egiteko gaitasunik. Beraz, errekonozimendu hori etorri behar bada, etorriko da benetan erakundeak kontziente direlako arazo hori hor dagoela eta aurre egin behar zaiola. Eta guri dagokigu, honetaz hitz egiteko gaitasuna daukagun heinean, hori azpimarratzea: arazo bat dagoela eta tresnak eta neurriak behar direla. Niri ez dit balio esatea erkidegoan pobrezia orokorreko datuak baxuagoak direla Murtzian baino, edo Andaluzian baino; oso ondo, baina ditugun datuekin zer egin behar dugu, eta nola artatuko ditugu pertsona horiek? Oso tresna onak ditugu, baina tresna horiek eraldatu egin behar ditugu. Daukagu Dirusarrerak Bermatzeko Errenta [DBE] bat eraldatze eta eztabaida prozesuan dagoena. Hor ere kontsentsua ezinbestekoa izango da; eta badaukagu sistema bat ere, gizarte zerbitzuena, eraldatze bidean egon beharko litzatekeena. Eta horien arteko gurutzaketatik etorri beharko da beste begirada bat pertsona horiekiko. Gure autogobernu sistema martxan jarri zenetik 40 urte pasatu diren honetan, badagokigu gauza horiek birpentsatzea. Tokatzen zaigu, eta pertsona horiek merezi dute.

DBErekin, adibidez, zer egin beharko litzateke?

DBEk baditu bi korapilo inportanteak. Bat da familia unitatearen kontsiderazioa. Une honetan, pertsona ez da bere horretan hartzen, baizik eta bizi den unitatearen konputoa egiten da, eta, nire ustez, hori pentsatu egin beharko litzateke, eta auzitan jarri. Zein da modurik onena pertsona horiei euren ibilbidean laguntzeko? Elkarte askok ere esan dute hori. Horrez gain, laguntza jasotzeko hiru urtez egon behar da erroldatuta [edo urte bat, eta bost urteko lan-bizitza ordaindua], eta hori ere kuestionatu beharrekoa da. Eta sortu diren behar berriei ere... gazteen artean ikusten badugu zailtasun bat badagoela, ezin dugu mantendu DBEren gutxieneko adina 23 urtean. Badaude korapilo batzuk askatu beharrekoak. Badaude errealitate batzuk erantzun beharrekoak, badauzkagulako gazte batzuk 18 urterekin babes sistematik kanpo geratzen direnak eta 23 urtera arte bizi daitezkeenak linbo batean, eta gauza horiei erantzun bat eman behar duiegu. Nik benetan sinisten dut Dirusarrerak Bermatzeko Errenta kobratzen inor ez dela eroso bizi, eta inork ez duela hortik bizitzeko asmorik, baizik eta dela tresna bat egoera batetik irteten laguntzeko, horretarako diseinatua. 

Pandemiara itzuliz, arlo komunitarioak sortutako zenbait ekimen aipatu dituzu.

Bai, bestela dena oso negatiboa geratzen da. Uste dut badaudela bide batzuk itxaropenerako. Pandemiak erakusi du komunitateak ere baduela artikulatzeko gaitasun bat. Ikusi genuen zaintza sareekin eta beste adibide batzuekin, herri eta hiri askotan sortzen ari diren ekimenekin. Aipatu ditut elikagaiak emateko Donostian sortu den herritarren sarea; ekimen moduan oso interesgarria iruditzen zait. Eta erakundeen aldetik, ekosistemen eta eskualdekako integraziorako ekimenak ere oso onak dira; aipa dezakegu Pasaia Herri Lab edo Elkar-Ekin Lanean bezalako programek helburu hori daukatela. Oso ekarpen interesgarria egin daiteke behetik gorako integrazioan. Oñatin egonda, ArantazuLabek ere ekarpen polita egin dezake bide horretan, eta itxaropena izateko adibideak dira. 

Eta udala ere aipatzen zenuen komunitatearen parte moduan.

Bai, sortzen diren ekimen komunitario horietan udalak ere eduki dezakeelako parte bat komunitatearen birdiseinu horretan. Udalak herri bakoitzean presentzia bat dauka, eta errekurtso batzuk, eta baliabide horiekin egin dezake diseinuaren bere partea, udal liburutegiak diren bezala, kiroldegiak diren bezala… Hori ere komunitatea da, eta horretan ere birpentsatu behar dugu beste pertsona batzuk eta beste profil batzuk ere eduki ditzakegula. Eta horretan ere jarri behar dugu burua eta esan: “Beharra duten pertsonei nola erantzungo diegu errekurtso hauetatik, politika komunitarioen bitartez?”.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak