Humanismo digitala, klima aldaketa eta aniztasuna dira etorkizuneko erronka nagusiak gazteentzako

Itziar Larrañaga Sarasola 2022ko ots. 9a, 13:04

Gaur goizeko ekitaldia 'Twitch' plataforman.

The Future Game. Bihar zer? ekimenaren ondorioak aurkeztu dituzte gaur Bilbon egindako ekitaldian. Etorkizuna irudikatzeko inkestaren zein esperientzia gamifikatuaren bidez –joko tekniken bidez–, 2050ean Euskal Herria nolakoa izango den irudikatu dute 100 bat gaztek.

Gaur goizean BBK aretoan egin den ekitaldian mahai-inguru bat egin da, eta bertan parte hartu dute Nora Sarasolak, BBKko Gizarte Ekintzako zuzendariak; Andoni Aldekoak, EiTBko zuzendari nagusiak; Goiatz Oiartzabalek, Badalabeko zuzendariak, eta Paula Aguirrezaldegui, Uxue Izco eta Yassin Lmiri el Misbahi gazteek. Elkarrizketa horretan, etorkizuneko Euskal Herriari buruz eztabaidatu dute, beren erronkei buruz, eta gazteek testuinguru horretan duten zereginean jarri dute arreta.

Prozesuaren ondorio moduan, hiru lehentasun zehaztu dituzte 2050era begira: humanismo digitala, aldaketa klimatikoa eta aniztasuna. Helburu horiek errealitate bihurtzeko ondorengo mekanismoak zehaztu dituzte:

  • Etorkizun hobe bat lortzeko, aldatu beharreko ohiturak bertatik bertara bizi nahi dituzten gazteentzako esperientziak sustatzea, hiru esparrutan bereziki: detox digitala, kontsumo jasangarria eta aniztasuna.
  • Plataforma digital ireki eta gamifikatua, garrantzitsua dena aztertzen jarraitzeko eta kezkatzen partekatzeko.
  • Bizitzeko modu berriak imajinatzen jarraitzen laguntzen duten ekitaldiak, hitzaldiak eta eduki inspiratzaileak.

'2050 Esperientzia': etorkizuneko kuadrilla

Ekimenaren barruan 2050 Esperientzia sortu zen gazteen erronken inguruan gehiago sakontzeko. Iraunkortasunarekin sentsibilizatuagoa dagoen eta anitzagoa den kuadrilla irudikatzen saiatu dira 15 eta 30 urte bitarteko 100 gazte. 30 eguneko lan prozesu parte-hartzailea, askotarikoa eta ludikoa egin dute gazte horiek, eta guztien artean marraztu dituzte 2050 urteko agertokiak:

  • Zaintzen ministerio bat irudikatzen dute, osasun mentala eta zaintza komunitarioak bermatuko dituena.
  • Politika birsortzaileak, aldaketa klimatikoaren ondorioak ekidin ez ezik kalteak erreparatuko dituzten legeak.
  • Erabiltzen ez diren eraikin publikoen berrikusketa herritarren beharretara egokitzeko.
  • Aisialdi fisiko eta birtuala aldi berean.
  • Elkarrizketa eleaniztunak bermatuko dituen teknologia.
  • Migrazioen museoa, gizartearen dibertsitatearen erakusgarri.

The Future Game. Bihar zer? ekimena sustatu dute DOT kooperatibak, BADALABek, EITBk eta BBK Kuna: Garapen Jasangarriaren Helburuen etxeak. Sustatzaileek positiboki baloratu dute ekimenaren irismena. Izan ere, "komunitate digital bihurtu da, eta Euskal Herri osoko 13.000 gazte inguruk parte hartu dute beren iritzia emanez".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak