Material metaliko eta konpositean konformatu eta prozesatzeko soluzioen garapenean diharduen Fagor Arrasatek jauzi teknologikoa eman du bere jardunean. Laser bidezko ebaketa-teknologia gehitu dio bere prozesuari, eta bobina metalikoak ebakitzeko eta prozesatzeko lerroetan egungo jarduerak "osatu" ditu. Ohar bidez adierazi dutenez, bere gaitasun teknikoei "bultzada handia" eman die.
Bidea, baina, ez du bakarrik egin. Fagor Arrasatek eta Danobatgroupek "merkatuan lehiakortasunean irabazteko duela urte batzuk" hasitako lankidetzaren emaitza da teknologia gehitu izana. Beren hitzetan, merkatura eskaintza "osatuago eta berritzaileago" batekin sartzeko aukera emango die.
10-15 milioi 2024an
Jarduera sektore berrietara bideratzeak salmentak handitzeko baliagarria izan daitekeela deritzo Fagor Arrasatek. Bide horretan, teknologia horren bidez 2024rako 10-15 milioi euroko salmenta gehigarriak sortu litezkeela aurreikusi du kooperatibak.