Gaur eguneratu ditu Gipuzkoako Foru Aldundiak adinekoen egoitzetako egoera epidemiologikoari dagozkion datuak, eta 2021eko abenduaren 7an Arrasateko Iturbide egoitzan 12 kasu hauteman zirenetik, datu baikorrenak dira bailarari soilik erreparatuz gero.
Kasu bakarra atzeman da azken zazpi egunetan; zehazki, Arrasateko San Juan de Dios egoitzan. Uneotan aktibo dagoen positibo bakarra da, pasa den astean gaitzak erasanda zeuden gainontzeko 15 egoiliarrak sendatu gisa izendatu dituelako Aldundiak. Ondorioz, adinekoen egoitzetan ez da hildakorik izan azken astean bailaran.
307 kasu, zazpi hildako
Gipuzkoako egoitzetako egoera, baina, bestelakoa da. Izan ere, 307 kasu hauteman dira, pasa den astean baino zazpi gehiago. Horrez gain, gora egin dute hildakoek ere; zehazki, zazpi egoiliar zendu dira –lau Donostian, eta bana Hernani, Andoain eta Elgoibarren–, duela zapi eguneko datuen eguneraketan baino hiru gehiago.