Izaskun Arriaran: "Onartezina da ikusten duguna, eta inork ez du ezer egiten"

Uxue Igarza Loiola 2022ko ots. 5a, 10:00

Argazkia: Pau de la Calle

Itsas Salbamendu Humanitarioko (SMH) lehendakaria da Izaskun Arriaran aramaioarra, azaroaz geroztik. Aita Mari ontzian ari da, haien jatorrizko herrialdeetatik ihesi doazen pertsonak erreskatatzen. Nolanahi ere, bere burua aurkezteko, beste ezeren gainetik, erizaina dela azpimarratzen du.

Erizaina izateak zerikusia du zure gainerako jardunetan?

Jakina. Erizaintzak aukera asko ematen ditu Gobernuz Kanpoko Erakundeen (GKE) proiektuetan parte hartzeko. Jendea laguntzea dago gure jardunaren oinarrian –erietxeetan edo bestelako eremu batzuetan–, eta hori da gure lanak ematen digun aukera politena. Horregatik, nonbaitera joan eta nola aurkeztu behar nauten galdetzen didatenean, beti erantzuten dut gauza bera: erizaina naiz. Oso harro nago eta asko gustatzen zait nire lana.

Makina bat misiotan hartu duzu parte, baina Debagoieneko Ospitaleko lana utzi gabe...

Itsas Salbamendu Humanitarioko kide izan aurretik, Nikaraguan egon nintzen bi aldiz, beste bitan Ekuadorren –proiektu desberdinekin–, eta Saharako kanpamenduetan ere izan naiz ospitaleetan lanean. Hori egin ahal izateko, oporrak edo jaiegunak baliatu ditut, eta oraingoan, estreinakoz, baimen berezia eskatu dut urtarrilean abiatutako SMHko misio honetara etorri ahal izateko.

Nola joan da urteko lehen misioa?

Egin ditudan guztietatik gogorrena izan da; zailena, askorengatik gainera. Hasteko, 280 lagun zeramatzan ontzi baten berri izan genuen, eta horren bila abiatu ginen. Itsaso zakarra zegoen, euria eta hotza, gaua zen, eta oso nekeza izan zen ontzia topatzea. Aurkitu bezain laster Italiarekin harremanetan jarri ginen, baina ez ziguten baimenik eman bertan zeuden pertsonak gurera, Aita Mari-ra, ekartzeko. Hala, haien ondoan geratu ginen. Denbora batera, italiarren bi itsasontzi etorri ziren, eta eraman egin zituzten guztiak. Gu lasai geratu ginen, baina hurrengo egunean jakin genuen zazpi pertsona hil zirela hipotermiarekin. Benetan gogorra izan zen. Horren ostean, hiru egun egin genituen nabigatzen, eta aurreko egubakoitzean, urtarrilaren 28an, egin genituen 176 lagun erreskatatzeko bi operazioak. Tartean, itsasoan geundela, jakin genuen naufragio bat egon zela Tunezeko uretan eta 30 bat pertsona hil zirela.

Erreskateak nolakoak izan dira?

Lehenengoa oso gogorra izan zen. 105 pertsona atera genituen; horietatik bederatzi, 10 urtetik beherako haurrak ziren. Egoera larrian zeuden iheslari gehienak; asko hipotermiatik gertu. Hoztuta, bustita, izugarrizko beldurrarekin... Maniobra ondo joan zen, baina arriskutsua izan zen oso urduri zeudelako. 

Gau horretan bertan lau pertsona hil ziren. Nekeak jota-edo, itsasora erori ziren beraien ontzitik. Ez dakigu gehiago horren inguruan; gainerakoek ez dute horri buruz hitz egin nahi. Eta bigarren erreskatea lasaiagoa izan zen; eguerdia zen, eguzkia ere bazegoen eta gehienak 20 urte inguruko mutilak ziren. Halere, oso egoera ahulean zeuden denak.

Behin erreskatea eginda, egoera baretu egiten da ontzian?

Emozio nahasketa itzela da. Azken kasu honetan, Aita Mari-n egin zituzten bi egunak oso gogorrak izan ziren. Ez ziguten baimenik ematen porturatzeko, eta Lampedusa uhartera gerturatu ginen proba egitera. Esan ziguten ainguratuta geratu gintezkeela portutik metro batzuetara; baina itsaso oso txarra zegoen eta aingura lur azpian trabatuta geratu zen, atera ezinda. Itsasontzia arriskuan zegoen eta ainguraren katea moztu behar izan genuen. Egoera horretan, berriz eskatu genuen porturatzeko baimena, baina ukatu egin ziguten sarrera. Hala, astelehenerako bost metroko olatuak zetozela zela jakinda, Sizilia aldera joatea erabaki genuen, babes bila. Ordubetez nabigatu genuen, baina ezinezkoa izan zen aurrera egitea; olatuak ikaragarriak ziren eta jendea zorabiatzen hasi zen. Buelta egin, eta berriz Lampedusara gerturatu ginen. Egoera azaldu genuen beste behin, eta azkenean, domekan, Lampedusako portua emango zigutela esan ziguten. Une horretan, ikaragarrizko festa sortu zen; denak hasi ziren abesten, dantzan... Baina porturatzeko momentua ere zaila izan zen. Gainera, gauean jakin genuen, hamar eguneko berrogeialdia egin behar genuela bertan, pandemia kontuengatik.

Argazkia: Pau de la Calle.

Zein da erreskaterako prozedura eta, ondoren, baimena lortzekoa?

Prozedura nahiko erraza da. Ontzi bat ikusten dugun momentuan, inor erreskatatu aurretik, abisatu egin behar dugu. Nongo uretan gauden jakin eta dagokion herrialdeari eman behar diogu abisua. Baina, esaterako, Maltaren erantzunik jasotzen ez badugu –normalean hala izaten da–, Italiara bidaltzen da mezua eta baita Espainiara ere –hori baita gure bandera-herrialdea–. Inoren erantzunik ez badugu, segurtasuna bermatzeko txalekoak banatzen zaizkie errefuxiatuei, eta berriz idazten da herrialdeetara. Hori eginda, zain geratzen gara pertsona horiek Aita Mari-ra igotzeko baimena eduki arte. Eta ez badugu baimenik jasotzen, beraien ontzia arriskuan dagoela deklaratzen dugu guk, eta operazioarekin hasiko garela jakinarazten dugu. Behin denak Aita Mari barruan egonda, erreskatearen berri ematen da, eta lehenbailehen portu seguru bat nahi dugula esaten dugu. Gehienez ere sei egun egin izan ditugu portu baten zain.

Nola prestatzen dituzue misioak?

Portuan hamar bat egun egoten gara dena prestatzen: taldea ezagutu, gerta daitezkeen arriskuei aurre egiteko ariketak egin... Eta gero misioa bera aztertzen da: erreskatea nola egingo den, nork parte hartu behar duen momentu bakoitzean... Eta itsasontzia bera ere prestatu egin behar da. Orain hamahiru lagun egon gara. Zortzi profesionalak dira (kapitaina, bi ofizial, makinetako arduraduna, makinetako marinela, itsasontziko beste bi marinel eta sukaldaria) eta boluntario moduan medikua, erizaina, erreskatean adituak diren bi pertsona eta kazetari bat egon gara.

Misioetako erizaina izateaz gain, SMHko lehendakaria ere bazara.

2017an joan nintzen lehenengo aldiz Kioseko (Grezia) errefuxiatuen kanpalekura. Hamabostaldi bat egin nuen han, boluntario moduan –erizain lanetan–, eta ordutik ezin izan dut beste alde batera begiratu. GKEarekin harremanetan jarri nintzen, eta proiektu horren koordinatzailea izan nintzen denbora batera. Tarte horretan, erreskate ontzia erosi zen. Aita Mari-ren lehenengo misioan parte hartu nuen. Bide honetan asko ikasi dut ondoan izan ditudanengandik, eta lehendakari izateko proposamena egin zidatenean, baiezkoa eman nuen –kosta egin zitzaidan arren–. 

Zer egiten duzue Kiosen?

Osasun arreta ematen diegu kanpalekuan pilatuta dauden pertsonei. 2015ean hasi zen jendea bertara iristen eta SHM ere urte berean joan zen erreskate talde gisa. Gobernuak ezin zuen asistentzia bermatu pertsona guztientzat, eta horregatik joan ginen gu. Klinika txiki bat jarri genuen –klinika esaten dudanean, obretako kontainer bati buruz ari naiz–, eta arratsaldero, medikuak eta erizainak errefuxiatuak artatzen dituzte. Kontuan hartu behar da 1.000 lagunentzako kanpaleku baten 2.000-4.000 pertsona zeudela hasieran, baina 8.900 izatera ere iritsi direla. Hala, guk ere gure laguntza indartu genuen bi mediku eta bi erizainekin. Zailtasun guztiak gaindituta, pandemia tarteko, etengabeko osasun arreta ematea lortu dugu. 

Nolako esku-hartzeak egiten dira?

Bizi baldintza eskasek eragindako gaitzak artatzen dira nagusiki: azaleko infekzioak, arnas aparatuko infekzioak, gastroenteritisa –kalitate txarreko elikagaiak ematen zaizkielako–... Eta arratoien hozkadak eta sugeen eta eskorpioien pikadurak ere ohikoak dira. Bestetik, orain dela bi urte ikusi genuen hortzetako arazoak ere ohikoak zirela kontsultan, eta horretara bideratutako arreta ematea erabaki genuen. Bost misio egin ostean, 2021eko udatik aurrera, Alemaniako GKE batekin batera, etengabeko arreta ematen ari gara. Sekula ez dugu ikusi jendea dentistarenetik hain pozik irteten. Oso aberasgarria izaten ari da. 

Pandemiak eragin du asistentzian?

Jakina. Adibidez, pandemia hasi aurretik, hondartzaren batera ontzi bat iristen zenean, arreta ematera joaten ginen. Larrialdiei erantzuten genien eta egoera zaurgarrian zeudenak identifikatu –haurdun egon zitezkeenak, adinekoak, gaixotasun kronikoak zituztenak...–. Gero guztiak kanpamendura eramaten zituzten eta bertan egiten genien jarraipena. Baina COVID-19aren aitzakiapean hori egiteko aukera ere kendu egin digute. 

Zenbat GKE zaudete Kiosen arreta sanitarioa ematen?

Urte osoan gu bakarrik egon gara kanpaleku barruan. Kanpoan, Medicos Sin Fronteras egon zen bestelako arreta mota bat ematen –esaterako, haurdunaldiei jarraipena egiten–, baina orain dela bi urte joan ziren. Urte bukaeratik hona, GKE asko joan egin dira, eta bakarrik geratu gara uhartean.

Jabetzen gara pertsona horiek bizi duten egoera latzaz?

Ez, ez da ezer iristen; hedabideek erakusten dutena bakarrik –eta guk asko eskertzen dugu hori–. Orain, adibidez, garrantzitsuena ez da 176 pertsona erreskatatu ditugula, baizik eta hemen, misioetan, ikusi dugun guztia. Horregatik beste bide bat lantzen hasi gara SMHn, Aita Mari ontziaz eta Kiosko proiektuaz gain. Sentsibilizazioan jarri nahi dugu indarra. Errealitatea zein den erakutsi nahi dugu; hausnarketa prozesu bat abiatu. Hogei herrialdetako pertsonak erreskatatzen ari gara itsasoan; baita Bangladeshtik datozenak ere. Gertatzen ari dena onartezina da. Egunero hiltzen dira ihesi doazen pertsonak Mediterraneoan –egun batean zazpi, hurrengoan lau, hurrengoan 37...–, eta herrialdeetako agintari eta politikariek ez dute ezer egiten; ezta Europak ere. Gainera, salatu nahi dugu behar dutenei laguntzeko baino gehiago, GKEetako kideak kontrolpean izateko erabiltzen dutela dirua: besteak beste, azken misioan, bi drone izan ditugu gainean une oro, gure jarduna kontrolatzen.

Sabino Arana saria eman berri digute gure lanagatik, eta hori bera azpimarratu nahi izan dugu saria jasotzerakoan: asko eskertzen ditugula halako aintzatespenak, baina erakundeek hitz asko eta ekintza gutxi egiten dituztela.

Eta norbanakook zer egin dezakegu egoera aldatzeko?

Jendea errespetuz tratatzea. Eta, jakina, altxatu egin behar dugu gizarte moduan; politikariei adierazi behar diegu ezin dugula horrela jarraitu. Bestetik, txikitatik erakutsi behar diegu haurrei gainerakoak errespetuz tratatu behar direla eta pertsona guztien eskubideak bermatu behar direla. Eta helduok ere hausnartu beharko genuke; esaterako, ohikoak diren esamolde xenofoboen gainean.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak