Ez dira berriak oholtzaren gainean, aspaldi kantatu zituzten lehen bertsoak jendaurrean, baina estreinatu berri duten ikuskizunarekin pauso bat harago emateko asmoz daudela azaldu du Oihana Aranak. "Plaza publikoan egotera ohituta gaude, baina oraingoan beste modu baten izango da, eta, horrek bere bertigotxoak dakartzan arren, gogotsu gaude azkeneko hilabeteetan esku artean izan dugun proiektua erakusteko, eta jendea ere irrikaz dagoela sumatzen dugu. Denok batzen gaituena bertsolaritza da, baina sekula egin bako gauzak egin ditugu; adibidez, antzerkia. Saiatu gara geure buruari erronkak jartzen, eta ez ikuskizunaren gaitegiari dagokionez bakarrik".
Hiru ardatz nagusi
Bertsozale Elkarteak bultzatzen duen Lanku enpresako Marta Agirrezabalaren deia jaso zuen maiatzean Oihana Aranak, eta bere ahizparekin, Peritzekin eta Vargasekin bertsolaritzarekin lotutako emanaldi eszeniko bat sortzea proposatu zion. "Beste hirurei ere ideia gustatu eta hala hasi ginen zirriborroa lantzen. Zentzudunena geuretik jardutea zela erabaki genuen, gure eguneroko bizitzako ohiko gauza horiei buruz berba egin behar genuela. Hori islatzeko marko orokorra dualismoaren markoa izan behar zela adostu genuen. Gauza jakina da jendartea, oro har, dikotomietan banatuta dagoela –emakumeak eta gizonak, zaharren eta gazteen arteko dikotomia...– eta iruditu zitzaigun marko hori oso baliagarria zela jorratu nahi ditugun gaiak lantzeko, eta, gainera, marko horrek aldarrirako aitzakia bat ematen zigula; izan ere, marko hori bera artifiziala, fikziozkoa da, eta dikotomia horiek arrakalatzeko aukera ematen digu".
Bertsolaritza da ikuskizunaren ardatzetako bat, baina ez bakarra. "Ez da guztiz bertsolaritzari buruzko lana, baina aurrez aipatutako dikotomia batzuk bertsolaritzan hartzen duten formaren baitan lantzen ditugu. Bigarrenik, partaide guztiak gazteak gara, eta gaztetasun horretatik abiatu dugu lana; eta hirugarren ardatza da lau partaide marikak eta bollerak garela; hortaz, oinarrian, gaztetasunaz, genero ikuspegiaz eta feminismoaz jarduten dugu. Besteak beste, genero binarismoari kritika egiten diogu, batetik, eta tradizioaren eta gaurkotasunaren arteko mugetan ere ibiliko gara".
"Artefaktu hibridoa"
Bertsolariez gainera, bestelako diziplinetan ere jarduten dute taldeko kideek. "Literatura arloan ari gara Leire eta biak, eta Aner musikaria da, eta orain artean gutako inork probatu ez duen antzerkigintzan ere murgildu gara. Laurok txikitatik ezagutzen dugun Edurne Azkarateri eskatu genion antzerki arloa lantzen laguntzeko. Bertsolaritza barrutik ezagutzen du eta oso gustuko dugu, bereziki, zuzendu duen Album azken lana. Oparia izan da guretzako Azkaraterekin lan egitea. Obra asko hazi da harekin. Bertsoa, antzerkia eta errezitaldiak izango dira, besteak beste, osagaiak".
Hamar piezatan banatuta
Ordubete irauten du eta gazteentzako eta helduentzako gomendatu dute. "Hamar pieza dira, guztira; mini-pieza horiek solte funtzionatuko lukete hala gura izanez gero, baina badute elkarren artean lotura bat. Guretako bakarrik bertsotan egitea errazagoa litzatekeen arren, gai bakoitzari ondoen datorkion arte-diziplina aukeratzen saiatu gara, kontatu nahi genuen horren mesedetarako. Eszenografia aldetik ez da konplexua, arropekin jolasten gara".
Durangoko emanaldirako sarrera guztiak agortu egin ziren, eta Aretxabaletako Arkupe kultura etxean otsailaren 18an izango dira, eta han ere, aurrez salgai jarritako sarrerak agortu egin dira.