Hilero lez, gaur argitaratu ditu Espainiako Enplegu Zerbitzuak langabeziari buruzko datuak. 2021eko udaz geroztik, eta azaroko datuen salbuespenarekin, beheranzkoa zen bailarako joera. Bada, bilakaera horri eutsi dio 2022ko lehen hilabeteak; hots, %8,18an zegoen tasa irailean, eta ia puntu erdian jaitsi da urtarrila amaierarako (%7,73). Herritar aktibo kopuruari erreparatuta, 2.307 langaberekin amaitu zen joan zen hilabetea.
Datu esanguratsua da, aintzat hartuta Hego Euskal Herriko bilakaera oso bestelakoa izan dela urtarrilean. Uneotan, 148.761 langabe daude Euskal Autonomi Erkidegoan eta Nafarroan, 2021 amaieran baino 1.890 gehiago. "Igoera hori zuzenean lotuta dago Gabonetarako egiten diren aldi baterako kontratuekin", adierazi du Alfonso Gurpegui Jaurlaritzako Enplegu eta Gizarteratzeko sailburuordea. Carmen Maeztu Nafarroako Gobernuko Eskubide Sozialen kontseilariak, aldiz, bi bideko irakurketa egin du; "kezka" adierazi du langabe gehiago izateagatik, baina itxaropenerako bidea ireki du, "beste urtarril batzuetan baino gutxiago" igo delako.
Herria | Abenduko langabeak | Langabeak guztira | Langabezia-tasa |
Antzuola | +2 | 64 | %5,90 |
Aramaio | +1 | 13 | %1,86 |
Aretxabaleta | -12 | 207 | %6,02 |
Arrasate | -36 | 1.072 | %10,56 |
Bergara | -17 | 507 | %7,07 |
Elgeta | +1 | 26 | %4,38 |
Eskoriatza | -78 | 86 | %4,30 |
Leintz Gatzaga | = | 3 | %2,50 |
Oñati | -23 | 342 | %6,31 |
Debagoiena | -162 | 2.320 | %7,73 |
Eskoriatzan, ia erdira
Bailarako datu positiboen adierazle garbiena Eskoriatza da. 2021a 164 langaberekin itxi zuten; bada, hilabete bakarrean 78 herritarrek aurkitu dute lana. Langabezia-tasari erreparatuta, ia erdia jaitsi da portzentajea; hots, %8,20tik %4,30era, zehazki. Arrasaten (-36), Oñatin (-23), Bergaran (-17) zein Aretxabaletan (-12) ere jaitsi dira langabeak.