Gaur aurkeztu dute Bilbon Gure Eskuk eta Kataluniako hainbat entitate sozialek uztailaren 2rako deitu duten Piriniotako Bidea ekimena. Helburua da autodeterminazio eskubidea aldarrikatzeko, Pirinio osoan zehar 300 tontor baino gehiago argiztatzea, Higer lurmuturretik Creusera helduko den argi-lerro bat osatuaz.
"Pirinioetako Bidea argiztatuz, nazioarteko komunitatearen arreta geureganatuko dugu herrion autodeterminazio eskubidearen alde. Mezu argi bat bidaliko dugu Pirinioetatik mundura: katalan eta euskal herritarrok libre eta burujabe izan nahi dugu, gure etorkizuna erabaki nahi dugu, eta herritarron borondatea entzun eta errespeta dadin eskatzen dugu. Ez gehiago, baina ezta gutxiago ere.", azaldu dute Bilboko agerraldian Gure Eskuren bozeramaile Amalur Alvarezek eta Josu Etxaburuk.
Gure Eskurekin batera, ANC –Assemblea Nacional Catalana– eta FEEC –Federació d'Entitats Excursionistes de Catalunya– dira egitasmoaren antolatzaileak; Omnium Cultural eta Artistes de la Republica, aldiz, laguntzaileak.
Debagoieneko herritarrak, Baztan eta Zubirira
Ekimenaren funtzionamenduari dagokionez, 300 tontor horietatik 115 izango dira euskal herritarrek argiztatuko dituztenak, Jaizkibeletik hasi eta Benasqueraino. Gailur horiek bi motatakoak izango dira: berdeak –gehiengoak igotzeko modukoak– eta gorriak– mendizale trebatuentzat–.
Herri bakoitzak tontor bat izango du izendatuta. Debagoieneko ia herri guztiei Baztan inguruko gailurrak egokitu zaizkie; Aramaiori, aldiz, Zubiri aldekoa. Denak ere berdeak dira)
- Bergara eta Elgeta: Artzamendi (926 m)
- Antzuola: Buztanzelai (1.029 m)
- Oñati: Hauza (1.305 m)
- Aretxabaleta, Eskoriatza, Leintz Gatzaga: Iduzkimendi (845 m)
- Arrasate: Iparla (1.049 m)
- Aramaio: Argintzu (1.208 m)
Gailur berdeetara igotzeko izen-ematea martxoan jarriko da eta 'www.pirinioetakobidea.eus' webgunearen bidez egin beharko da. Gailur gorrietara igotzeko izen-ematea, bestalde, zabalik dago eta pirinioetakobidea@gureeskudago.eus heldbidera idatzita egin behar da.