Online formatuan egin zuten 2020an eta molde hibridoa aukeratu zuten iaz; jaialdiaren data gerturatu ahala "egoeraren arabera" erabakiko dute modu presentzialean, online edo formatu hibridoan egingo duten hamabosgarrena.
Aurten, musika protagonista
Orain arte moduan film laburrak izango dira jaialdiaren oinarri, baina aurtengo berrikuntza da musikak pisu handiagoa izango duela; izan ere, soinuaren erabilera onena zein bideoklip onena ere sarituko dituzte. "Ikasturte bakoitzean ikasle talde berri batekin osatzen dugu jaialdiko antolakuntza taldea eta jende berriaren ideiak jasotzen saiatzen gara. Gure ikasleak, orokorrean, oso musikazaleak dira eta musikaren gaia atera zen ideien artean. Konturatu gara kultura sektore osoari moduan musika arloari astindu handia eman diola pandemiak, eta gure aletxoa jartzea erabaki genuen, bideoklip formatuko lehiaketa antolatuta. Kontzertuak egiteko trabak dituzte musikari askok, baina gehienak oso aktibo daude eta bideoklip berri asko argitaratu dira azken boladan. Euskal Herrian arlo horretan zelako lanak dauden eta ari diren egiten ikusteko aukera izango dugu lehiaketarekin", azaldu du Huhezinemako koordinatzaile Iban Del Campok.
Bideoklipen lehiaketaz gainera musikarekin lotutako ideia gehiago dituztela buruan gaineratu du Ikus-entzunezko Fakultateko irakasleak: "Ez dugu, oraingoz, guztiz zehaztuta, proposamen horiek guztiak aztertzen ari gara, eskaintza borobila egiteko asmoz".
'Huhezinema.eus' atarian
Bideoklipen sail berriaz gainera, ohiko bi sailak izango ditu jaialdiak: sail ofiziala eta MUko ikasleen saila. Hamahiru sari banatuko dira, bada, guztira: bosna sail ofizialean eta unibertsitateko ikasleei zuzendutako sailean eta hiru sari berri bideoklipen atalean.
Huhezinema.eus atarian daude, ohi bezala, zinema jaialdiaren oinarriak eta bestelako informazio zabalagoa. Askotariko generoetako lanak –animazioa, fikzioa, dokumentala...– onartuko dituzte Sail ofizialean. "2021eko urtarrilaren 1etik aurrera eta edozein hizkuntzatan egindakoak izan behar dute, baina, jatorrizko bertsioa euskaraz ez denean, euskarazko edo gaztelaniazko azpitituluekin bidali behar dira lanak. 25 minutuko iraupena izan behar dute lan horiek, gehienez".
Martxoaren 30etik apirilaren 1era egingo duten Huhezinemarako izen-ematea, zabalik
Ikasleen sailari dagokionez, aurtengo ikasturtean MUn matrikulatuek egindako ikus-entzunezko lanak eta 2020-2021 ikasturte amaieran egindako GBLen ikus-entzunezko lanak onartuko dituzte. "Aukeraketan lehentasuna izango dute ikus-entzunezko ikasketen baitan taldetan egindako lanek; gehienez 20 minutuko iraupenarekin".
Otsailaren 18a azken eguna
Abenduaren 22an zabaldu zuten parte hartzeko epea eta otsailaren 18ko gauerdiaren aurretik bidali behar dira. "Ari gara dagoeneko jasotzen, nahiz eta oraindik goiz den balorazioak egiteko. Iaz bezala, pandemiari buruzko filmen bat edo beste heldu zaigun arren, orokorrean, denetarikoak dira. Jasotako lanen artean aukeraketa egingo dugu eta horretarako bidelagun izango ditugu, aurten ere, Euskal Herriko zinemagileekin eta, orokorrean, kultura arloko aditu gehiagorekin osatutako epaimahaia. Jaialdiaren aitzakian ikasleek asko ikasten dute eta oso motibatuta egoten dira. Ikaragarria da ikustea ideia zoro batetik jaiotako proiektuak hamabost urte bete dituela dagoeneko".