35.000 ondasun immatrikulatu zituen Elizak 1998 eta 2015 artean, PPren Gobernuaren lege bat aprobetxatuta. Orain, Espainiako Gobernuak eta Apezpikuen Batzarrak akordioa egin dute, ondasun haietako mila inguru euren jabeei itzultzeko tramiteak hasteko; lursailak, etxebizitzak eta eskolak daude, esaterako, tartean, eta baita elizak eta kanposantuak ere.
Hain justu ere, Arrasateko Uribarri auzoko orube bat dago aipatutako 35.000 ondasuneko zerrenda hartan, Debagoieneko bakarra, baina haren aipamenik ez da egiten Elizak orain onartutako milako zerrendan.
Hogei urte inguruan Uribarriko auzo alkate izandako Jone Bergaretxek dio baietz, makina bat borroka egin zutela eurek Elizak bere izenean jarritako hainbat ondasun berreskuratzeko: "Zenbat ez ote nuen nik abadearekin eztabaidatu! Kanposantuan lurperatuta zeudenak denak auzokoak ziren, auzokoek garbitzen zuten hura, eta terreno haiek auzoarenak ziren. Eta aldamenean zeudenak ere bai. Baina abadeak zer egin zuen? Saldu. Saldu eta etxe bat eman zioten. Halako gauzak, pila bat".
Bergaretxek gogoan du auzotarrek hainbat bilera ere egin zituztela, baina Elizak berea egin zuela, azkenean: "Aznarrek emandako aukera hori zuten, eta aurrera eraman zuten".
Espainiako Gobernuak bere txostenean aipatzen duen orubetik harago, auzoko elizak berak ere bizilagunena behar duela dio Bergaretxek: "Auzoak egindakoa da, hiru edo lau etapatan. Liburuetan dator zenbat ordaindu zituzten santuak, eta auzotarrek ordaindu zituztela. Horiek, organoa... eta dena geratu zen euren esku". Eta Bergaretxek dio ez dela Uribarriko kasua bakarrik, beste auzo batzuetakoa ere bai: "Auzoen beharretarako sortu ziren elizak. Elizak [erakundeak] zerbitzu bat ematen duela? Bai; baina hori ordaindu ere egiten zen".
Eskoriatzako kasua
Oraingo berriek 1998 eta 2015 urte arteko immatrikulazioei erreferentzia egin arren, praktika hori historikoa izan da. Jaurlaritzak ere eskatu zuen antzerako zerrenda bat, eta 1981 eta 2007 artean Elizak Debagoienean 132 ondasun immatrikulatu zituela dio –388, Gipuzkoan; eta 525, EAEn–. Eskoriatzakoak ziren horietatik 43. Oraingo akordioaren berri izanda, Joserra Zubizarreta alkateak adierazi du [ETBri] milako zerrenda motz geratu dela, eta bereak ez diren ondasunak itzuli egin behar dituela Elizak.