"Helburuak ezinbestekoak dira norabidea argitzeko eta bidean aurkituko ditugun bidegurutze desberdinetan erabakiak hartzen laguntzeko". Hala uste dute Garaia Parke Teknologikoan, eta 2022. urterako finkatutako helburu eta konpromisoak lortzeko lanean dabiltza, gizarte osoaren inplikazioa bilatuz.
Ekosistema berritzailea
Debagoienerako gizarte garapen eta garapen ekonomiko jasangarria bultzatzea misio dutela azaldu dute: "Urteroko helburuen artean daude enpresa komunitatea handitzea, ezagutza partekatzeko ekintza gehiago antolatu eta erakartzea eta eragile desberdinen arteko sareak sendotzen joatea".
Bailaran dagoen ekosistema ekintzaile eta berritzailea egoerara moldatuz joan dela azpimarratu dute: "Enpresak sortzen eta garatzen jarraitzen dute, nahiz eta baldintza gogorrak bizi; pandemia, lehengaien gabezia, txipen krisialdia...". Inguruan dituen enpresa guztien hazkundearen ondorioz, hazten jarraituko du Garaia Parke Teknologikoak datozen hilabeteetan zehar, eta, ekintzailetza ekosistemaren parte bezala, behar berrietara azkartasunez egokitzen jarraitu gura dute, "zerbitzu eta teknologia berritzaileak aplikatuz".
Harremanak sendotu
"Enpresa eta ekintzaile mota eta tamaina guztiek" osatzen dute Garaia ekosistema, "berritzailea eta aberasgarria guztiontzat". "Ekintzailetza kultura sendotu, erakarri, talentua landu eta erakundeen, eragileen, enpresen eta profesionalen arteko erlazioak errotu behar dira".