Korda Rota: "Orain da hiru urteko lana erakusteko unea"

Hasier Larrea 2022ko urt. 28a, 12:38
Korda Rotakoak, Bergarako kartzela zaharrean, abenduaren 28an.

The Convicts taldearen errautsetatik sortutako Korda Rotak Arrasateko herrikideen aurrean joko du bihar, zapatua, lehen aldiz. Gaztetxean izango da, 22:30ean, Oñatiko Letaginekin batera

Musika barru-barrutik bizi dute Aitor Alegrek, Unai Okinak, Francesco Basilek eta Raul Uriartek. Antzeko gustuak izanda, laster batean adostu zuten Korda Rota sortzea, pandemia bat zer zen jakin aurretik.

Izena bera hizkuntzen arteko nahas-ketatik atera duzue. Zer dela-eta?

Italiarrez corda rota-k soka apurtzea esan nahi du. Niri gitarrako sokak askotan puskatzen zaizkit; grazia egiten zigun, eta hortik dator gure izena. K hizkia erantsi diogu, euskarazko ukitua ematearren.

Hiru arrasatear eta italiar bat. Ze istorio dago horren atzean?

Unai bateria-jolea eta biok The Convicts punk-rock taldetik gatoz, eta Aitor kuadrillakoa da, baxua jotzen ikasi du berriki eta abesten ere ondo moldatzen da; musikazale amorratuak gara hirurok. Unaik Francesco ezagutu zuen Antzuolan, bertan bizi baitira biak. Gitarra akustikoa jo zuen behin Francescok Unairen aurrean, eta honek entsegu lokalera etortzera gonbidatu zuen. Gustu rockerrak zeuzkanez eta elkar ulertzen genuenez, laurok jarri ginen proiektua osatzen.

Urte batzuk eman dituzue proiektu musikal sendorik gabe. Nola mantendu duzue txinparta?

Pertsonalki lanketa egiten duzu. Taldeetan jo izan duenak badaki lokalean entseatzea eta kontzertuak jotzea xarmanta dela; beti mantendu dugu zerbait egiteko ilusioa. Bitartean, ahal dugun bakoitzean joaten gara kontzertuak ikustera, inguruko talde berriak ezagutzera... Gure bizitzak uzten digun heinean ere etxean ahalik eta gehien jo izan dugu. Ba, orain prest gaude berriz oholtzara igotzeko.

Eta ez nolanahiko oholtzara.

Etxean joko dugu, lagunen aurrean, lehen ere hainbeste aldiz aritu garen eszenatokian, eta Letagin moduko talde on batekin. Hasierako nerbioak lasaituta joango garelakoan gaude.

Raul Uriarte, Francesco Basile, Unai Okina eta Aitor Alegre, Depos-Gaz entsegu lokalean.

"ORAIN ARTE EMAN DITUGUN BI ZUZENEKOAK OSO ONDO ATERA DIRA, MOTIBATUTA GAUDE"

Pare bat aldiz azaldu baitzarete jendaurrean.

Antzuolan kontzertu bat antolatu zuten iazko udako iluntze baterako. Lehen aldiz jo genuen orduan, bost kantu, izotzaldia urtzeko. Han Bergarako pare bat lagun azaldu ziren, eta eurekin Gabonetarako kartzela zaharrean jotzea hitzartu genuen. Lehengo sentsazioetara itzuli ginen Bergaran. Oso motibatuta gaude.

Zerekin egingo du topo publikoak?

Eskandinaviako rocka erreferente duen estiloarekin. Hellacopters, Backyard Babies, The Hives, Gluecifer... Horien bertsioak joko ditugu, baita Guns And Roses eta The Clash modukoenak ere. Eta, noski, gure abestiak ere aurkeztuko ditugu.

Ze gai lantzen duzue?

Gau bateko mozkorraldiaren ondorioa, kritika soziala, sare sozialen erabilera... Gero, txantxa-tonuko kantuak ere badauzkagu, mezu zehatzik gabekoak. Ideia da hiru hizkuntzatan egitea, euskara lehenetsiz. Ingelesez eta gazteleraz ere kantatzen dugu.

Diskoa grabatzeko intentziorik?

Hasi gara ideia horri buelta batzuk ematen. Landu daitezke abestiak gehiago, baina oinarri indartsua badute jada. Ikusiko dugu zerbait gehiago egiteko gai garen. Hurrengo hilabeteetan zerbait argitaratu nahi dugun arren, ez dugu ezer zehatzik erabaki. Ea aurten entzungarria den zerbait igo dezakegun sareetara.

Musikari buruz, ezer gehiago gehitu nahi?

Denbora-pasa bezala ulertzen dugula, gure pasioa delako. Hala ere, denbora luzea eskatzen du, eta horregatik ematen diogu balioa ondo pasatzeari. Badakigu gure estiloa ez dela publiko guztiendako, baina ilusioa egiten digu gertukoak etortzeak eta eurek ere ondo pasatzeak. Gainera, nabari dugu Arrasaten talde berri ugari sortu direla azkenaldian. Bada mugimendua!

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak