Ziurtagiriaren presentzia, inoiz baino presenteago

Jon Irizar Aranguren 2022ko urt. 28a, 13:30

'Zenbat buru, hainbat aburu' dio esaera zaharrak. Europar Batasunak, berau osatzen duten estatuek zein erkidego desberdinek azken asteetan Covid Ziurtagiri Digitalaren inguruan hartutako neurriek agintari beste neurri daudela erakutsi dute. Euskal Herria bera horren adibide.

Azken asteetan Covid Ziurtagiri Digitala eta egiaztagiri horien moldea kezka, gogoeta zein protesta iturri bilakatu da. Gaitzaren aldaerek zein txertaketa kanpainek neurri berriak hartzera behartu dituzte erakundeak, baita ziurtagiriaren oinarri eta erabilerari dagokionean ere. Europar Batasunak, esaterako, Schengen espazioa osatzen duten 26 estatuetako herritarrei neurri bakar eta bateratuak ezarri dizkie bidaiatzeko; otsailaren 1ean sartuko da araudia indarrean.

Bruselatik adierazi dutenez, estatu bakoitzak ezarritako neurri ezberdinak bateratasun batera ekartzea izan da araudi berriaren arrazoia, herritarren arteko mugikortasuna erraztu asmoz. Neurri honek agerian uzten du, beraz, agintari beste aplikazio daudela uneotan indarrean. Euskal Herria bera horren adibide.

Baimena justiziari

Iñigo Urkulluren gobernuak 2021eko azaroaren hondarrean ezarri zuen egiaztagiria eskatzeko araudia. Aldaketak aldaketa, urtarrilaren 31ra arte dago indarrean neurria. Gaurko LABI batzorde instituzionalaren erabakiari itxaron gabe, baina, herritarrei ziurtagiria exijitzeko baimena luzatzea eskatu dio Iñigo Urkulluren gobernuak EAEko Justizia Auiztegi Nagusiari; otsailaren lehenean hartuko du erabakia epaitegiak. Otsailaren 13a jarri dute epe muga gisa, eta egun beharrezkoa den espazioez gain, hotel eta ostatu turistikoetara zein joko-areto eta apustu-etxeetara zabaltzeko asmoa adierazi du.

Baiezkoa eskaerari

Iruñean Gasteizen baino arinago aritu ziren justiziari deia egitean, eta gaur jaso dute eskaeraren ebazpena: neurri murriztaileak otsailaren 14ra arte luzatzeko baimena eman dio Nafarroako Auzitegi Nagusiak Maria Txibiteren gobernuari. 01:00tik 06:00etara itxita egongo dira ostalaritza eta gaueko aisialdirako establezimenduak, hamar lagun elkartu ahal dira gehienez, ezin da barran kontsumitu, edukiera arauek bere horretan jarraitzen dute... eta Covid Ziurtagiri Digitala erakutsi behar da establezimenduetara sartzeko.

Ziurtagiritik txerto ziurtagirira

Desberdina da kasua Lapurdi, Zuberoa eta Nafarroa Beherean. Parisko gobernu zentralak horrela erabakita, Txerto Ziurtagiria bilakatu zen Covid Ziurtagiri Digitala astelehenean. Ondorioz, 16 urtetik gorako herritarrek nahitaez erakutsi behar dute txertoaren bi dosi jaso izana ostalaritzan, kultur zein kirol ekintzetan eta ibilbide luzeko garraio publikoetan. Gainera, otsailaren 15etik aurrera egiaztagiria eskuratzeko aukera zorroztuko da, 3. dosia eskatzen hasiko baitira ziurtagiriak balekoa izaten jarraitzeko.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak