Debagoiena 2030 ekimenak Debagoienean bultzatu gura duen eraldaketa prozesuak badu zer ikusirik, bai egiteko moduetan bai helburuetan, Agirre Lehendakari Center-ek sustatzen duenarekin. Hala, ikasketa zentroa, D2030eko Gobernu Batzordeko kide da. Juan Jose Ibarretxe lehendakaria da hango presidente.
Agirre Lehendakaria Centerrek eraldaketa sozioekonomikoaren euskal esperientzian jarri du begia sorreratik. Zergatik eta zertarako?
Agirre Lehendakaria Centerrek euskal eraldaketaren zergatia ikertzen du, nola gertatu ziren aldez aurretik horren desberdinak diruditen eraldaketak: kooperatibagintza, euskararen berreskuratzea, euskal gastronomiaren eraldaketa, diru-sarrerak bermatzeko errenta... Erabaki horien guztien atzean, gure ustez, balio-sistema bera dago, eraldaketa horien artean partekatzen den balio-sistema. Horregatik diogu kultura dela gakoa, edozein eraldaketaren oinarrian kultur osagaia dagoela, komunitate horren kultura.
Zein ekarpen egiten dio eta egin gura dio ALCk gizarteari? Nola?
Agirre Lehendakaria Centerrek euskal eraldaketaren esperientziatik ikasitakoa, hortik erauzitako ezagutza egungo eraldaketa sustatzeko prozesuen zerbitzura jartzen du. Funtsean, uste dugu, eraldaketa posible izateko komunitate horren oinarrian dauden eraldaketarako jarrerak, pertzepzioak, ezagutu behar ditugula, ditugun aldaketarako balaztak eta oztopoak ezagutu eta hortik eraiki dezagun.
"Berrikuntza Irekiko Plataformek, kultur oinarritik, tokiko eraldaketa bilatzen dute, eragile askoren elkarlanaren bitartez maila askotako ekimenak proposatzeko"
Zer-nolako proiektuetan diharduzue lanean, esaterako?
Gure lana Berrikuntza Irekiko Plataformen inguruan egituratzen da. Plataforma horiek, kultur oinarritik, tokiko eraldaketa bilatzen dute, eragile askoren elkarlanaren bidez maila askotako aldaketa-ekimenak proposatzeko. Adibidez, Euskal Herrian eskualdeetako eraldaketa-prozesuetan gabiltza, Debagoiena 2030 prozesuan, Goierrin abiatu den eskualde eraldaketa prozesuan eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren Etorkizuna Eraikitzen barruan kokatzen den trantsizio ekologikoa sustatzeko esperimentazio-prozesuan. Baditugu ere zaintzaren eredu berri bat sustatu nahi duten esperientziak. Nazioartean plataforma askotan gabiltza; horietako asko, Nazio Batuen Garapeneko Erakundearekin elkarlanean: Thailandian, Pakistanen, Bangladeshen, Kolonbian...
ALC Debagoiena 2030eko kide da. Zergatik egiten duzue bat ekimenaren balioekin?
D2030ek eskualdearen eraldaketa bultzatu nahi du, Debagoiena jasangarriagorantz pausoak emateko. Ekimenaren berezitasuna egiteko moduan, prozesuan, datza: herritar eta eragileak entzun eta aintzat hartzen ditu, aldaketarako ekimenak eragileek elkarrekin sortzen dituzte, ekimen horien osotasuna eta beraien arteko konexioak bilatzen saiatzen da inpaktua areagotzeko, gobernantza partekatua proposatzen du... Gure ustez, egungo errealitate konplexuaren aurrean hori da bidea, eta bide horretan esperimentatzen eta ikasten joan beharra dugu. Laburbilduz, D2030en zer eta nola partekatzen ditugu.
Debagoiena klimatikoki neutro, adimentsu eta aukera berdintasunean oinarritua lortzeko helburuan ekarpena egitea hartu du bere gain D2030 ekimenak. Nola baloratzen duzu norabide hori hartu izana?
Debagoienaren helburu edo xedeari dagokionez, guztiz bat egiten dugu; eraldaketa termino ekonomiko hutsetatik harago ulertu behar dela uste dugu, klimatikoki neutroaren xedearen atzean iraunkortasunaren erronka dugu, zalantzarik gabe atzeraezina dena, eta adimentsu eta aukera berdintasunaren atzean pertsonak daude, eta bat egiten dugu ere pertsonak erdigunean jartzearen ideiarekin.
Zein uste duzu dela Debagoienaren balio indartsuena helburu horiek lortzeko bidean?
Komunitatea, eragile-aniztasuna. Debagoiena 2030ek Debagoieneko eragile asko biltzen ditu: udalak, enpresak, elkarteak, komunikabideak, unibertsitatea... Debagoienak egindako ibilbidean, zailtasunak zailtasun eta erronka potoloak izanda ere, komunitate bat eratu du eta gune partekatuak eraiki ditu, konfiantzak eta elkar ezagutzak eraikitzen joan da.
Uste duzu gizarte gisa norabide egokian dihardugula?
Uste dut orekatuagoak izan behar dugula. Batzuetan, onenak garela pentsatzen dugu; eta hurrengo egunean, aldiz, txarrenak garela. Ez da ez bata ez bestea. Gugan konfiantza handiagoa eduki behar dugu, gai gara edozer gai politiko, sozial zein ekonomikori buruz pentsatzeko, eta gauzatzeko.
"Uste dut orekatuagoak izan behar dugula. Batzuetan onenak garela pentsatzen dugu; eta hurrengo egunean, aldiz, txarrenak garela"
Zuk zeuk lehendakari izan ondoren ere gizartegintzari zure ekarpena egiten jarraitzea erabaki duzu; zergatik?
Euskal gizartearekin zor morala daukadalako. Dena eman dit, eta, hortaz, dena ematen diot.
Zer ematen dizu zuri giza garapen iraunkorraren alde egiten duzun lanak?
Gure mundua injustua da, desberdintasunez betea. Bada, merezi al du mundu bidegabe batean bizi izatea? Zertarako, aldatzeko ez bada?