Leire Mugerza: "Kargu-hartzea ohorea da niretzat, ilusioz nago"

Imanol Beloki Unamuno 2022ko urt. 28a, 11:45
Leire Mugerza, kargua hartu berri. Argazkia: Mondragon korporazioa

Leire Mugerza (Mutriku, 1976) Mondragon Taldeko Kongresuko eta Batzorde Iraunkorreko presidente izendatu berri dute. Kargu-hartzea ohorea izan dela adierazi du, eta, Batzorde Iraunkorra ezagutzen duen arren, beste eginkizun bat izango du hemendik aurrera.

Kargu berria hartu berri ilusioz dago Mugerza, eta izango dituen erronken gainean, etorkizunaz, eta kooperatibismoaren gaur egungo egoeraz jardun du, besteak beste.

Nondik zatoz, zein izan da zure ibilbide profesionala?

Ez da inon agertzen, baina hiru semetxoren ama naiz. Ingeniaritza Mekanikoko ikasketak egin nituen Arrasaten, Mondragon Unibertsitatean, eta 1998an Eikan (Etxebarria, Bizkaia) hasi nuen nire ibilbide profesionala. Bertan, proiektua egin nuen eta bazkide egin ninduten; beti esaten dudan moduan, bertan egin nintzen kooperatibista. Eika Taldeko Kalitate eta Sistemetako zuzendaritza eraman nuen, eta Kontseilu Errektoreko presidentea ere izan nintzen. Gero, 2008an, Lea Artibai ikastetxea kooperatiban jarraitu nuen jardun profesionala, eta 2012an, ikastetxeko zereginekin batera, Eroski kooperatibako Kontseilu Errektoreak bertako presidente izendatu ninduen. Urte berean, Batzorde Iraunkorrean parte hartzen hasi nintzen, eta bi funtzio horiekin aritu naiz, urtarrilaren 14an Batzorde Iraunkorreko presidente izendatu nauten arte.

Javier Goienetxea ordezkatu duzu; nola hartu duzu kargua?

Ohore handiz, arrazoi askorengatik. Aukeratu nauten pertsonak Batzorde Iraunkorreko kideak dira, eta beraiek ordezkatzen dutenagatik. Korporazioko dibisio guztietako ordezkariak daude, eta niretzako garrantzitsua da hori. Javier Goienetxea aipatu duzu, bera eta baita aurretik egon direnak; funtzio honetan aritutakoak eredugarriak dira niretzat.

Zeintzuk izango dira zure funtzioak kargu berrian?

Lurreratu berri egon arren, Batzorde Iraunkorrean ia hamar urte daramatzat, eta badakit zein lan egiten diren, nola lantzen diren, baina orain hartuko dudan papera ezberdina izango da. Bakoitzari entzun, gaiak taldean landu, proposamenak integratu... Saiatuko naiz batzorde horretatik eta kongresutik denontzat hobeagoa dena egiten; jarrera hori lantzen.

Etorkizunera begira zein erronka izango dituzu?

Politika sozioenpresariala finkatzean, 2021-2024rako ditugun erronkei erantzuna emateko zazpi ardatz ezarri genituen. Konpromisoa eta identitate kooperatiba, hau da, kooperatiba balioak lantzea, jasangarritasuna lantzea mundu hobeagoa egiteko, etorkizuneko negozioez hitz egitea legatu hobea uzteko gure ondorengoei, malgutasunaz eta egokitzeaz erantzun azkarragoak emateko, transformazio digitala mundu mailan lankidetzan jarraitzeko, batzeak biderkatzea nahi duelako esan, eta talentuak erakarri eta barruan duguna garatzea. Gure helburua oinarri hauen jarraipena egitea izango da.

Kargu honetan, organoa eratu zenetik lehen emakumea zara. Azpimarragarria datu hori, ezta?

Pertsonalki emozio izugarria ematen dit, eta nik bizi izan dudan errealitate bati ikusgarritasuna ematen dio. Enpresa ezberdinetan aritu naiz, arlo ezberdinetan, industrian, banaketan, ezagutzan, eta guztietan berdintasuna bizi izan dut.

Kooperatibismoa gaur egun nola dago?

Pandemia honetan eredugarria izan da kooperatibek egoerari eman dioten erantzuna. Balio horiek behar ditu gizarteak, legatu hobea uzteko, eta horiek landu behar ditugu.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak