Fagor Taldearen webguneak itxura berria du

Mirari Altube Arrese 2022ko urt. 27a, 16:16

Webgune berritua aurkeztu du Fagor Taldeak. Haren itxura zein edukien antolaketa moldatu dituzte "erabiltzeko errazagoa" izango den euskarria sortzeko. Era berean, iraunkortasunari protagonismo berezia eman gura izan diote.

Bost atal nagusi ditu webguneak: Fagor Taldea, Kooperatibak, Dimentsioa, Iraunkortasuna eta Berriak. Eta, horiek, azpi-atal desberdinak dituzte, Bulego Orokorrei, gobernantzari, printzipio kooperatiboei eta historiari eskainitakoak, besteak beste. Kooperatiba bakoitzak, ostera, fitxa bat du haren gaineko informazioarekin. Era berean, Fagorreko kide izan gura duenarendako curriculuma bidaltzeko aukera ere eskaintzen du webgune berrituak.

Komunikabideetara bideratutako informazioa eta iraunkortasunaren inguruko atal bereziak ere aurki daitezke. "Fagor 2030 iraunkortasun estrategiaren bidez, erronka berriak ditugu finkaturik datozen urteetarako. Tartean, gardentasun erdigunean, protagonismo berezia diogu emana komunikazioari, egiten dugun hori jakinarazteak duen garrantziaz jakitun. Horretan laguntzera dator webgune berritua", azaldu du Aritz Otxandiano Kanpo Fagor Taldeko Iraunkortasun arduradunak.

Hain zuzen ere erabiltzeko errazagoa den euskarria sortu gura izan dute, informazioa modu zuzenean, errazean eta bisualean emateko hartzaileari. Horregatik, irudiei protagonismo berezia eman diete diseinuan, eta informazioa testu laburren bidez eskaini dute.

Fokua iraunkortasunean

Fagor 2030 iraunkortasun estrategiaren garrantzia azpimarratu gura izan dute webgune berrituan; horregatik, protagonismo berezia dute estrategiaren bost ardatz nagusiei loturikoek –lehiakortasuna eta berrikuntza, pertsonen zaintza, gobernantza, planetarekiko konpromisoa eta garapen komunitarioa–, eta, orokorrean, iraunkortasunak berak. "Datozen urteei begira, erdigunean dugu jarria iraunkortasunaren gaia. Ahalegin berezia egin dugu hari dagozkionak modu argian eskaintzeko. Esaterako, laster, iraunkortasun memoriaren laburpena izango da eskuragarri, era dinamikoan eta irakurterrazean aurkeztua", argitu du Iraunkortasun arduradunak.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak