Jaitsiera apala, neurriak aztertu bezperan

Jon Irizar Aranguren 2022ko urt. 27a, 14:05

Hilabete inguru igaro da Hego Euskal Herrian egun ditugun neurri murriztaileak indarrean jarri zirenetik. Bada, Gasteizen zein Iruñean arau horiekin zer egin erabaki bezperan, beheranzko joeran jarraitzen dute datuek, modu apalean bada ere. Azken hiru egunetan 22.782 positibo izan dira Hego Euskal Herrian, horietatik 512 Debagoienean. Ia 800 puntuan jaitsi da bailarako intzidentzia-tasa domekatik eguaztenera, eta ospitaleetako presioa ere beherantz doa; uneotan, 905 herritar daude Hego Euskal Herriko erietxeetan eta 129 ZIUetan.

Duela aste batzuk goia jo ostean, COVID-19aren seigarren olatuak beheranzko joera hartu duela esan liteke; bai, behintzat, positibo, intzidentzia-tasa eta ospitaleetako egoerari erreparatuz gero. Izan ere, azken zazpi egunetan (1.069) urtarrilaren 13 eta 19aren artean (1.250) hautemandako kasuak baino 181 positibo gutxiago zenbatu dira bailaran. Leintz-Gatzaga izan da joera hori hautsi duen bakarra, bikoiztu egin baita astebeteko epean gaitza atzeman zaien herritar kopurua.

  • Grafiko eta datu guztiak ikusgai daude goiena.eus-eko azken datuak atalean.

4.000tik behera

Datuen beherakada horren beste adierazle argi bat intzidentzia-tasarena da. Grafikoan ikusi daitekeen bezala, Hego Euskal Herriko lurralde guztiak beheranzko joeran daude; Nafarroa da uneotan tasa altuena duena (4.263,25), eta Bizkaia, aldiz, baxuena duena (3.272,46). Debagoiena ere zaku berean sartu liteke. Duela aste batzuk goia datu orokorrak baino gorago jo ostean, beheranzko joera ere adierazgarriagoa izaten ari da bailaran; hots, hiru egunean ia 800 puntuan jaitsi da intzidentzia-tasa (3.578,21), eta duela bi aste Osasun Sailak ezarritako protokolo berriarekin lehen datuak kaleratu zituztenetik, aldiz, ia 3.000 puntuan.

Tantaka-tantaka

Ospitaleen egoera ere hobetuz doa, jaisten ari baitira, tantaka-tantaka, erietxeetan zein Zainketa Intentsiboen Unitateetan daudenen kopuruak. Uneotan, 905 herritar daude Hego Euskal Herriko erietxeetan, eta 129, berriz, ZIUetan. Duela astebeteko datuekin alderatuz gero, 93 eri gutxiago daude ospitaleetan, eta 26 gutxiagok behar dute zainketa berezia.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak