Espainiako Osasun Ministerioko adituek eta autonomia erkidegoetako ordezkariek osatzen duten Osasun Batzordeak protokolo aldaketa bat proposatu du gaitza pasa duten eta hirugarren dosia hartu nahi duten herritarrentzat. Urtarril hasieran Espainiako Osasun Ministerioak horrela erabakita, gaur arte lau asteko epea bete behar zuten herritarrek kutsatu eta errefortzu ziztada jaso artean.
Bada, kutsatu eta hirugarren dosia hartu bitarteko epea bost hilabetekoa izatea hobetsi du Osasun Batzordeak. Eguerdian jakitera eman dutenez, "ebidentzietan" oinarrituta txertaketaren jarraibide osoa jaso ostean infekzioa izan duten herritarrek "erantzun immune indartsuagoa eta zabalagoa" dute birusaren "aldaera batzuk neutralizatzeko", gaitza pasa dutenek edota bi dosiak jaso dutenek baino.
Dosiak, zortzi astera
5 eta 11 urteko adin-taldeari dagokionez, bi neurri iragarri ditu batzordeak. Alde batetik, lehen dosia jaso aurretik kutsatu diren haurrek dosi bakarra jasoko dutela gaitza pasa eta zortzi astera. Bestetik, ziztada bat jasota zutenek prozedura berdina jarraitu beharko dutela, baina kasu honetan, bigarren dosiarekin; hots, dosi bat jaso ostean gaitza pasa dutenei bigarren dosi bat jartzea gomendatu zaie kutsatu eta zortzi astera.