Ostalarientzako 22 milioi euroko laguntzak iragarri ditu Jaurlaritzak

Jon Irizar Aranguren 2022ko urt. 25a, 13:36

22 milioi euroko laguntza programa berri bat iragarri du Javier Hurtado Turismo, Komertzio eta Kontsumoko sailburuak gaur goizean, ostalari eta gaueko establezimenduei neurriek sortutako "inpaktu ekonomikoa arintzeko". Gotzone Sagarduik, aldiz, egoera epidemiologikoaren laburpena egin du; adierazgarrienak 14 eguneko intzidentzia-tasa 4.000tik jaitsi izana eta ospitaleratu zein ZIUetako datuek beheranzko joeran jarraitzea. Indarrean dauden neurriak aztertzeko, aste honetan Lehendakariak LABI batzordea deituko duela ere iragarri du.

Astearteroko Eusko Jaurlaritzaren Gobernu Bileraren osteko prentsaurrekoan Javier Hurtado Turismo, Komertzio eta Kontsumoko sailburuak ostalari eta gaueko establezimenduei bideratutako laguntza programa berri bat onartu dutela iragarri du. Azken asteetan ordutegi eta edukieran ezarritako neurri murriztaileek eragindako "inpaktu ekonomikoa arintzeko" hartu dute erabakia.

Kategoriaren arabera -3 maila eta 19 azpitalde daude-, 2.000 eta 70.000 euro arteko laguntzak emango ditu Jaurlaritzak

Hurtadoren hitzetan, pandemia hasi zenetik "100 milioi eurotik gorako laguntzak" bideratu dizkie Jaurlaritzak establezimendu mota hautako arduradun eta autonomoei; 22 milioi euroko laguntza programa da gaur jakitera emandakoa. Banaketari dagokionez, "modu ekitatiboan" egingo dutela iragarri du sailburuak. Establezimenduaren kategoriaren eta langile kopuruaren arabera, 3 maila eta 19 azpitaldeetako batean sailkatutako ostalariek jaso ahal izango dute laguntza; 2.000 eta 6.000 euro artekoak 2. mailakoek, 6.000 eta 25.000 euro artekoak hirugarrenekoek, eta 10.000 eta 70.000 euro artekoa, aldiz, laugarren taldekoek.

"Joera aldaketa"

Bingen Zupiriak hala emanda, Gotzone Sagardui Osasun Sailburuak hartu du hitza Hurtadoren ostean. Kasu honetan, hiru gai izan ditu hizpide: egoera epidemiologikoa, jarduera kirurgikoa, eta Osakidetzaren Enplegu Publikorako Eskaintza berria.

684 herritar daude ospitaleratuta, horietatik 106 ZIUetan; atzo baino 46 eta 6 gutxiago, hurrenez hurren

Datuei erreparatuta, "beheranzko joera" nabari daitekeela baieztatu du sailburuak, baina ez du ukatu egoerak "larria" izaten jarraitzen duela. Atzo 5.412 kasu positibo atzeman ziren EAEn Sagarduiren hitzetan, eta 14 eguneko intzidentzia-tasa 4.000tik jaitsi da: 3.993,57. Erietxeei dagokionez, 684 herritar daude ospitaleratuta, eta horietatik 106k behar dute zainketa intentsiboa. "Egoera egonkortu egin dela esan daiteke", adierazi du.

Horrez gain, erkidegoko ospitale nagusietako goizetako jarduera kirurgikoak "%80-%100era" itzuli direla adierazi du, eta arratsaldeetan ohiko jarduerara itzultzeko "esperantza" duela gehitu. Gaur argitaratutako Osakidetzaren Enplegu Publikorako Eskaintza berria ere izan du hizpide; 2022an zehar, 3.000 plazatik gora eskainiko ditu, Lehen Mailako Arretakoak diren 322 familia medikuko plazei eta pediatriako 62 plazei "lehentasuna" emanez.

LABIaren bilera, astean

Azkenik, eta kazetarien galderei erantzunez, Gotzone Sagarduik adierazi du Lehendakariak aste honetan LABI batzordearen bilera deituko duela, indarrean dauden neurrien inguruko erabakiak hartzeko -egubakoitzera arte (28) daude indarrean egungo neurriak-. Hala ere, Iñigo Urkulluren eskumena omen da noiz deitu eta izan erabakitzea: "Dagokionean emango du jakitera. Ezin dizut besterik esan", erantzun dio kazetariari.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak